29 de Martxoa de 2020
 
Actualizado 2014/01/28 17:45:42 CET

FIG 2013 grabatu lehiaketan aukeratutako artisten lanak dira protagonistak Bilboko Ondare aretoaren erakusketa berrian

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   Grabatua izango da protagonista Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare aretoko erakusketa berrian, Bilboko Grabatu Garaikidearen Nazioarteko Jaialdiak (FIG) diziplina hori sustatzeko egiten duen lehiaketan aukeratutako 50 lan baitaude ikusgai areto bilbotarrean martxoaren 28ra arte.

   "FIG 2013ko Sariak. Aukeratutako Artistak" erakusketa Ondare aretoan egongo da ikusgai, eta, haren bidez, bisitariek aukera izango dute grabatu garaikidean zehar "paseo interesgarri bat egiteko". Erakusketari esker, orobat, bertatik bertara ezagutuko dituzte teknika tradizionalak zein materialen erabilera eta eraldaketaren bidez etengabe bilakatzen ari diren teknika esperimentalak nahasten dituzten artistak, azaldu dute FIG lehiaketako arduradunek.

   Ildo horretatik, erakusketak aukera eskainiko du artisten belaunaldi berriak zertan dabiltzan jakiteko eta grabatua interpretatzeko modu desberdinak bertatik bertara ezagutzeko. Erakusketan 50 artista elkartu dira, "istilu eta txarto ulertzerik gabe, 50 ikuspuntu desberdinekin, bai eta ikuspegi poetiko, hizkuntza eta sentsazio askorekin ere".

   FIG Grabatu Garaikidearen Nazioarteko Jaialdia lan grafikoaren ikerketa ildo baten barruan sortu zen kultur proiektua da, grabatu garaikidea jatorrizko arte gisa sustatu nahi duena, eta erakusketa hau jaialdi horrek antolatutako jardueretako bat da.