Gabriel Aresti eta bere garaiko euskal kulturgintzaren eta euskalgintzaren suspertzea errepasatu dituzte Bilbon

"Mailu Bizia" Antzezlan Laburra Aurkeztu Dute Ekitaldian
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 19 octubre 2018 14:35

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak, Gabriel Aresti Elkarteak eta Euskaltzaindiak Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain bilbotarraren izena eta izana gogoratu dituzte eta 1960ko eta 1970ko hamarkadetan euskal kulturgintzak eta euskalgintzak bizi izan zuen abantea errepasatu dute ostiral honetan, Akademiaren egoitzan, Bilbon.

Ekitaldian bildu dira, besteak beste, Xabier Kintana, Maite Idirin, Jokin Apalategi, Arantza Garmendia, Kepa Martinez Lagos, Iñaki Zarraoa, Jose Ramon Etxebarria eta Iñaki Aldekoa. Gainera, Oier Guillanek eta Iñaki Ziarrustak "Mailu bizia" antzezlan laburra estreinatu dute.

Horrela, Arestik bizi izan zituen garaiak gogoratu dituzte ekitaldian, batez ere, 1960ko eta 1970ko hamarkadak, "erabakigarriak izan baitziren euskalgintzan". Orduko hartan, gazte belaunaldi batek hartu zien lekukoa garai bateko idazle eta kulturgileei, eta inguruabar horretan sortu ziren, besteak beste, gau eskolak, ikastolen mugimendua, "Anaitasuna" aldizkaria, Lur argitaletxea edota Ez Dok Amairu, Gaur, Emen, Orain eta Danok taldeak. Sasoi horretan antolatu zen, baita, Euskaltzaindiaren 1968ko Arantzazuko biltzarra, 1964an Baionan egin zenaren segida.

Idazle bilbotarrak berta-bertatik bizi izan zituen gertakari horiek, eta giro berriaz blaitzeaz gain, suspertze prozesu horren eragileetako bat izan zen. Bada, Arestiren orduko ahaleginak azpimarratu eta euskal kulturaren abantean parte hartu zutenen lana gogoratu dute jardunaldian.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, "Aresti geure-geurea da, eta batuaren alde sutsuki egin zuen. Horretan jarraitzen du Euskaltzaindiak, denon hizkuntza bultzatu eta indartu nahian, euskal gizarteari zerbitzua eskaini nahian, bizkor eta zorrotz. Etorkizunean ere horretan agortuko ditugu indarrak, Arestik berak egin zuen legez".

Halaber, Jose Ramon Etxebarria ingeniari eta idazleak nabarmendu duenez, "halabeharrez autodidaktak izan ginen frankismoan hazitako euskaltzaleok, Aresti bera bezala. Nik 'Anaitasuna' aldizkariaren bidez ikasi nuen hiztegia, Imanol Berriatuaren eskutik".