Gabriel Aresti XXXII. Ipuin Lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik da

Actualizado 2015/01/15 18:17:30 CET

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 32. edizioa deitu du. Lehiaketak 3.500 euroko sari bat eta 1.750na euroko bi accesit banatuko ditu modalitate bakoitzean: euskara eta gaztelania. Lehiaketaren bidez, Bilboko Udalak literatur sorkuntza sustatu eta euskal hizkuntzak eman duen idazle garrantzitsuenetako baten irudia eta lana ezagutarazi nahi ditu.

   Antolakuntzak jakinarazi duenez, lehiaketa edozein nazionalitateko idazleei dago zabalik, baina aurkezten diren lanen jatorrizko hizkuntza Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bi hizkuntza ofizialetako bat izan beharko da, ez baita itzulpenik onartuko.

   Ipuinen gaia librea izango da, baina ipuinak jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso gabeak izan beharko dira. Gehienez ere 15 orrialde izango dituzte, espazio bikoitzean, eta alde bakarretik idatziak.

   Aurreko edizioetan bezala, modalitate bakoitzak bere epaimahaia izango du, literatur munduko pertsona ezagunek osatua. Partaideek martxoaren 31ra arteko epea izango dute euren lanak paperean edo Kultura eta Hezkuntza Saileko webgunearen bitartez aurkezteko. Horrela, oinarri osoak eta parte hartzeko buletina helbide hauetan daude jada: www.bilbao.net/concursoaresti edo www.bilbao.net/arestilehiaketa.

   2014ko edizioan, euskarazko kategoriari dagokionez, irabazlea Ekaitz Goienetxea idazle eta kazetari bermeotarra izan zen, "Olatuak hausten diren lekua" lanarekin; gainera, lehiaketaren historian lehen aldiz, egile berak lortu zuen epaimahaiak emandako accesitetako bat, "Zorionak" kontakizunarekin. Francisco Javier Pérez idazle zamorarrak irabazi zuen gaztelaniazko kategoriako lehen saria, "Que no se entere Freud" lanarengatik.

   Gabriel Aresti lehiaketaren iazko edizioak 578 jatorrizko lan jaso zituen, horietako 39 euskaraz, eta gainerakoak gaztelaniaz. %50 baino gehiago (324) Estatu kanpotik jaso ziren.