Gabriel Aresti XXXVII. Ipuin Lehiaketa abian da

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren edizio berria.
BILBOKO UDALA
Publicado: domingo, 19 enero 2020 11:43

BILBO, 19 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 37. edizioaren deialdia egin du. Lehiaketak 3.500 euroko sari bana eta 1.750 euroko bina accesit banatuko ditu euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan.
Ekimenaren bitartez, Bilboko Udalaren helburua da literatur sorkuntza sustatzea eta euskarak eman duen idazle garrantzitsuenetako baten irudia eta lana ezagutaraztea.

Lehiaketa zabalik dago 18 urtetik gorako edozein nazionalitateko idazleentzat, baina aurkezten diren lanen jatorrizko hizkuntza euskara edo gaztelania izan beharko da, eta ez da itzulpenik onartuko. Ipuinen gaia librea izango da, eta jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso gabeak izan beharko dira. Gehienez ere 15 orrialde izango dituzte (Times New Roman edo baliokidean, 12 gorputzean), 1,5 espazioan.

Aurreko edizioetan bezala, modalitate bakoitzak bere epaimahaia izango du, literatur munduko pertsona ezagunek osatua. Parte hartzaileek martxoaren 30era arteko epea izango dute euren lanak formatu digitalean aurkezteko, udal webgunearen bitartez. Oinarri osoak eta parte hartzeko buletina helbide hauetan daude jada: www.bilbao.eus/concursoaresti eta www.bilbao.eus/arestilehiaketa.

Joan den urteko edizioan, Iñaki Irasizabal Izagirrek irabazi zuen euskarazko kategoria, 'Epailearen aginduz' kontakizunarekin, eta gaztelaniazko ipuinen sailean, Carlos Schilling izan zen garailea, 'La muerte en Venecia (Reescrita por John Cheever)' kontakizunarekin. Lehiaketak 1.422 jatorrizko lan jaso zituen, horietako 75 euskaraz.

Gabriel Arestik (Bilbo, 1933-1975) olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituen, literatura unibertsaleko zenbait lan itzuli euskaratu zituen eta, Euskaltzaindian egin zuen lanaren bitartez, euskara modernoaren oinarriak sendotzen lagundu zuen. Idatzi zituen lan ezagunenak, 'Euskal harria' (1968), 'Harrizko herri hau' (1971) eta 'Harri eta herri' (1964) olerki liburuak dira.