Gala Knörr egonaldi artistikoa egiten ari da Polonian Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin

Gala Knörr
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: martes, 21 septiembre 2021 16:10

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Gala Knörr artista hautatu dute aurten AIR Wro programan parte hartu eta Poloniako Worclaw hirian hilabeteko egonaldi artistikoa egiteko, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin. Urriaren 9ra bitarte izango da bertan, "ikuslea arazo garaikideen inguruan hausnartzera" gonbidatu nahi duen proiektuan lanean. Interneteko iruditegia ekarri du erdigunera artista gasteiztarrak. 2020ko udazkenean argitara ematekoa zen proiektua, baina urtebeteko atzerapenarekin dator pandemia dela eta.

"Komunikazioan galtzen gareneko sentsazioa dut inspirazio iturri. Hemen maiz sentitzen dut muga linguistikoa, eta normalean gainditzen badut ere, asko interesatzen zitzaidan gai hori lantzea umoretik", azaldu du Knörrek. Horrela, egonaldian zehar argitalpen bat osatuko du, 'Lost in translation' filma ardatz izango duena, besteak beste.

"Ezagutzen ditugun irudiak erabili nahi ditut, 'meme' gisa funzionatuko duten piezak sortu eta itzulpenekin azaldu euren esanahiak. Sentimendu kolektiboez hitz egiten duten irudi biralak erabili eta sortu, komunikazioan galtzeko esperientziari begi atseginez so eginda", azaldu du.

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, Artists In Residence Wroclaw programak gai ezberdin bat jorratzen du urtero, eta Poloniako hirian egonaldiak egiteko aukera eskaintzen die Europako herrialde ezberdinetako artista edota ikerlariei. Aurten, irudi biralak izango dira egonaldiaren ardatza. Ikusleak, obraren bidez, bere buruaren isla ikusi ahal izatea bilatuko du artista gasteiztarrak, konexio bat sortzea, ikuslearen irudimena.

Gala Knörr diziplina anitzeko artista bisuala da, pinturan, bideoan eta instalazioan lan egiten duena. Identitatearekin, teknologiarekin, komunikabideekin, satirarekin eta herri kulturarekin lotutako gaiak aztertzen ditu bere lanetan.

Arte Ederrak ikasi ditu Central Saint Martins-en (Erresuma Batua) eta Parisko Parsons-en. Txomin Badiolaren Madrid45eko tailerrean osatu zuen prestakuntza, eta Richard Linklater-en klase magistralean Centre Pompidou-n (Frantzia).

Saatchi arte galerian hezkuntza laguntzailea izan zen 2014an eta Londresko Goldsmiths Unibertsitateko artista ikertzaile bisitaria 2018tik 2019ra, besteak beste, Espainian, AEBetan eta Belgikan egindako lanak aurkezten.