Galerna Zine Festibalak belaren mundua hurbilduko du Bermeora datorren asteburuan

Actualizado: lunes, 12 noviembre 2018 17:54

BILBO, 12 Nov. (EUROPA PRESS) -

Galerna Zine Festibala ospatuko da lehenengo aldiz datorren asteburuan, ostiraletik igandera, azaroaren 16tik 18ra, Bermeon (Bizkaia), belaren mundua herritarrei hurbiltzeko asmoz. Galerna taldeak Bermeoko Udalaren eta Serrats kontserba enpresaren laguntzarekin antolatutako jaialdiak filmenk proiekzioak hitzaldiak eta kontserben dastaketa eskainiko ditu Arrantzaleen Kofradian Zaharrean. Bermeo World Tuna Capital ekimenak ere presentzia izango du, eta ekimen guztietara sarrera dohainik izango da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "festibal honekin, Galerna taldeak belaren mundua zabaldu nahi du Bermeon eta inguruan, herritarrei hurbildu, belari buruzko istorio eta abenturak ezagutaraziz".

Galerna Zine Festibala ostiralean hasiko da, azaroaren 16an, 19:00etan, "En solitaire" filmaren proiekzioarekin. Pelikula honetan, Yann Kermadec nabigatzaileak bere bizitzako ametsa betetzen du Vendee Globe lehiaketan parte hartzen duenean, belaontzian munduari bira emanez, bakarrik eta geldialdirik gabe. Halere, gauzak aldatuko dira belaontzian polizoi bat aurkitzen duenean. Filma bukatu ondoren, "Martinica-Azores-Bermio" hitzaldi laburra entzuteko aukera izango dute bertaratutakoek.

Larunbatean, azaroaren 17an, hainbat ekintza izango dira Galerna jaialdian. Hasteko, arratsaldeko 19:00etan, Bernard Moitissier nabegatzailearen "Bidaia itsasoaren mugara" film laburra proiektatuko da, eta, ondoren, "Hiru urte belaontzi batean: bizipena..." hitzaldi laburra eskainiko da.

Gainera, Bernardo Arsuagaren "The Weekend Sailor" pelikula ikusi ahal izango da. Filman kontatzen da nola 1973an Erresuma Batuan belaontziek munduari bira emateko lehenengo estropada antolatzen duten eta Europako eta beste herrialde batzuetako kapitan eta adituak gonbidatzen dituzten. Aurreikuspen guztien kontra, estropadan familia mexikar batek parte hartzen eta irabazten du.

Azkenik, igandean, azaroaren 18an, eguerdiko 12:00etan, "Itsasgizon historikoak" hitzaldia izango da. Ondoren, "Baskavígin. La matanza de los balleneros vascos" dokumentala proiektatuko da. Dokumental historikoa da eta Islandian gertatutako sarraskirik handiena kontatzen du: 1615ean Islandian euskal baleontzietako 31 arrantzale hil zituzten era basatian. Filmaren ondoren, Serrats kontserba enpresaren produktuen dastaketa batekin bukatuko da jaialdia.