Galindoko Hondakin Uren Araztegiko usainen tratamendurako instalazio berriak otsailean abiaraziko dira

Actualizado 2015/01/27 12:25:15 CET

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak otsailaren erdialdean jarriko du abian Galindoko (Sestao) Hondakin Uren Araztegiko usainen tratamendurako eraikin berria, fase honetan sartutako jarduera guztiak maiatza arte bukatuko ez diren arren. Lanak 2012ko abuztuan hasi ziren eta bost milioi euro inguruko inbertsioa egin behar izan da, instalazioak ingurune hurbilean duen inpaktua arintzeko.

   Asmo handiko programa honek jarraipena izango du datozen urteetan, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak instalazioko usain foku nagusiak zehazteko aurretik egindako azterketan oinarritzen da, foku horietan egin behar baita lan apurka-apurka, erakundeak prentsa ohar bidez adierazi duenez.

   Hala, bada, lanen lehen fase honetan, lohien esparrua izan da ardatza. Hain zuzen ere, lohiak tratatzeko aldean dagoen aireztapenaren ahalmena handitu da, lehen 45.000 m3/h baitzen, eta gaur egun, berriz, 122.000 m3/h. Horrenbestez, usaina igortzen duten beste gune batzuk aurkitu eta itxi, eta airea berritzeko sistema hobetu ahal izango da. Horrez gain, berrikuntzak egin dira diseinuan, energiaren kontsumoari dagokionez instalazioa askoz ere eraginkorragoa izan dadin.

   Beste alde batetik, ezaugarri bereziak dituen bioiragazki bat jarri da, usaina kentzeko oraingo sistemaren ordez; %95eraino tratatuta eraginkorragoa da airean dagoen usaina kentzeko prozesua eta, gainera, ura baizik kontsumitzen ez duenez, ez da erreaktiborik erabili behar.

   Jarduera horiek osatzeko, lohien flotagailuak aluminiozko domoekin estali dira, hain zuzen ere, ustiatzeko eta mantentzeko lanetan bete behar diren segurtasun neurriei bereziki egokitutako tipologiaren arabera diseinatutako domoekin.

   Halaber, lehen fase honetan, berriz antolatu da aurretratamenduan uretatik ateratako hondakinen biltegi parkea. Ildo horretan, eraikin bat egin da edukiontziak biltegiratzeko, usaina kanpora atera ez dadin. Gainera, lodigarrien poliesterrezko estalkiak kendu eta hormigoizkoak jarri dira haien ordez, askoz ere sendoagoak eta iraunkorragoak direlako. Azken batean, lanen bidez, usaina itxi da, atmosferara itzuli aurretik xurgatu eta garbitu ahal izateko.

   Galindoko Hondakin Uren Araztegia hondakin urak arazteko Euskadin dagoen instalaziorik handiena da, eta milioi bat biztanleri ematen die zerbitzu. 1980ko hamarkadan diseinatu zen, eta edukiera eta arazketa errendimendu handiena izateko proiektatu zen, industrialde batean, inguruko biztanleengan eragin txikia zuen garaian.

   Lekua ingurumen aldetik lehengoratu zenean, hirigintza nabarmen zabaldu zen instalazioaren ingurunean, eta, beraz, hautabideak bilatu behar izan dira instalazioak dituen inpaktuak nolabait arintzeko.

   Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak daukan lehentasunezko ildoetako bat, instalazioa paisaian behar bezala txertatzeaz gain, hondakin urak arazteko prozesuan sortzen den usaina arintzea izan da.

AURRETIAZKO AZTERKETA

   2009an azterketa bat idatzi zen, Plan Zuzentzaile modura, eta, bertan, Galindoko Hondakin Uren Araztegiko alde guztietan bete beharreko jardunbideak finkatu ziren. Helburua asmo handikoa zen: lursailaren ingurunerik hurbilenean usainaren pertzepzioa arintzea. Hainbat urtetarako programa horrek lau fase ezarri ditu lanak egiteko.

   Neurketa olfatometrikoak dira azterketaren abiaburua, horien bidez ebaluatzen eta kuantifikatzen baitira usain iturririk nabarmenen igorpenak. Ildo horretan, ingurunean duen barreiadura modelizatu da, neurri zuzentzaileak proposatu dira kasu bakoitzerako, eta usain txarra sortzen duten kutsatzaileen ezaugarri kimikoak zehaztu dira. Horrela, sistema berriak aukeratu ahal izan dira usaina kentzeko, oraingoak baino errendimendu eta etekin gehiagokoak.

   Hain zuzen ere, maiatzerako bukatuko den lehen fasean, araztegiko lohien esparruko igorpenak tratatu dira. Lursailaren hego-ekialdean dago esparru hori, eta instalaziotik ateratako usainaren %35 hortik datorrela uste da, alde horretan askatzen den usaina desatseginagoa baita eta gehiago antzematen baita instalazioaren kanpoaldetik.

   II. fasea interes orokorrekotzat jo da, eta une honetan Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Uren Zuzendaritza Nagusia proiektua berraztertzen ari da. Lan horien bidez, lehen mailako dekantagailuak birmoldatu eta dekantagailu lamelar bihurtu behar dira, haien espazioa txikiagotu eta itxi ahal izateko, sortzen duten usaina barreia ez dadin.

   Era berean, modu horretan, lursailean azalera libre utzi, eta euriteetan Hondakin Uren Araztegiaren errendimendua handitu ahal izango da. Hurrengo faseetan aurretratamenduko eta tratamendu biologikoko aldeetan usaina kentzeko dagoen sistema optimizatuko da.