Garapenerako Estrategia Positiboen XIII. Jardunaldiak egingo dira Bilbon datorren astean

Publicado: sábado, 21 mayo 2022 10:49

BILBO, 21 May. (EUROPA PRESS) -

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Bilboko Udalak elkarrekin antolatzen dituzten Garapenerako Estrategia Positiboen Jardunaldien 13. edizioa egingo da Bizkaiko hiriburuan datozen astelehenean eta asteartean, maiatzaren 23an eta 24an, 'Generoa ekintza humanitarioan: zelan bihurtu gure konpromisoa errealitate' izenburupean.

Ekimen humanitarioetan genero ikuspegia txertatzea aztertuko da, beharren diagnostikotik esku hartzeen egokitzapenera arte, ekintza humanitario parte hartzaileagorako eta eraldatzaileagorako gakoak emanez, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Jardunaldi horiekin, Bilboko Udalak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak helburu hirukoitza lortu nahi dute. Alde batetik, premien diagnostiko azkarraren garrantzian sakondu eta nabarmendu nahi dute, erantzun humanitarioaren kalitatea hobetzeko funtsezko tresna eta beharrezko ikuspegi gisa.

Bestalde, izaera, testuinguru, tamaina eta ibilbide desberdineko erakundeek eta instituzioek generoaren zeharkakotasunaren inguruan egiten dituzten jardunbideak, esperientziak eta hausnarketak ikusarazi nahi dituzte, eta, azkenik, ekintza humanitarioan genero ikuspegia txertatzeko oztopoei buruz eztabaidatu eta sentsibilitate eta genero konpromiso handiagoa izateak eta tresnak aplikatzeak oztopo horiek gainditzen zelan laguntzen duten hausnartu.

Ekintza humanitarioaren eta garapenerako lankidetzaren arloan lan egiten duten eragileei (adituak, ikerketa zentroetako eta unibertsitateetako langileak, GGKEetako teknikariak eta boluntarioak, erakunde publikoetako ordezkariak eta teknikariak), emakumeen eta feministen elkarteei eta ikasleei eta ekintza humanitarioan eta generoan interesa dutenei dago zuzenduta topaketak.

Jardunaldiak Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Bizkaia Aretoan egingo dira eta sarean jarraitu ahalko dira. Euskarara, gaztelaniara, ingelesera eta frantsesera aldi berean itzuliko da, eta gutxieneko eskaera badago haurtzaindegi zerbitzua izango da.