Garraio publikoari buruzko nazioarteko jardunaldi bat izango da ostegunean Donostian

Actualizado 2014/02/11 14:33:37 CET

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

   Dbusek eta Donostiako Udalak nazioarteko jardunaldi publiko bat egingo dute datorren ostegunean, otsailaren 13an, SITE proiektuan parte hartzen duten hiriek beren garraio publikoan dituzten hiri mugikortasunerako eredu eta ordainketa sistema guztien gainean.

   Nantes, Gijon, Dublin, Liverpool eta Donostia hiriek beren garraio publikoa eratzen izan dituzten esperientziak azalduko dituzte jardunaldian, bai eta garraioaren ordainketarako sistema modernoagoak eta eraginkorragoak lortzeko ordainketa sistemetan egin dituzten aldaketak ere.

   Donostiako Udaleko bilkura aretoan izango da tailerra, 09:30etik 13:30era. Tailerrean parte hartu eta beste hiri batzuetako esperientziak ezagutu nahi dituzten guztientzat irekita egongo da, eta izena emateko 943 48 13 80 telefono zenbakira deitu behar da.

   Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) finantzatutako SITE (Smart Travelling in Atlantic Cities) proiektua garatzeko eratutako partzuergoak ostegunean eta ostiralean, otsailaren 12an eta 13an, Donostian egingo duen bileraren harira antolatu da tailerra.

   SITE proiektuaren azken helburua da oztoporik gabeko mugikortasuna ahalbidetzea, irisgarritasuna, eraginkortasuna eta informazioa hobetuz. Laburbilduz, pertsonei garraio publiko eraginkorragoa, eskuragarriagoa eta iraunkorragoa eskaintzea da xedea.

   SITE proiektuari esker, Dbusek eta Donostiako Udalak hainbat ekimen garatu eta hainbat teknologia inplementatu ahal izan dituzte ezinduek eta mugitzeko gaitasun urria duten pertsonek autobusak errazago erabiltzeko, bidaien denborak laburragoak izateko eta informazio sistemak eta billeteak erosteko sistemak errazteko, erabiltzaileek Donostiako hiri garraioarekin esperientzia hobea izan dezaten saiatzeaz gain.

   Dbusek eta Donostiako Udalak uste dute hirien artean lankidetzan aritzeak eta esperientziak trukatzeak ikasten eta hiriko garraio publikoaren zerbitzua hobetzen laguntzen duela. Hori dela eta, azken urteotan etengabe parte hartu dute hainbat proiektutan, esaterako, CIVITAS ekimenean edo SmartCem eta Aeneas proiektuetan.

   Proiektu horiek garrantzi handia dute Europan, eta Donostia hiria eta Donostiako Tranbia Konpainia "erreferente" bihurtu dituzte, "hiri mugikortasun iraunkorra eta irisgarria lortzeko teknologia berriak inplementatzeari dagokionez".