Actualizado 05/08/2022 13:55

Gasteizko 'Andre Maria Zuriaren' jaietako txupinazoa jendetsua izan da

Zeledonen jaitsiera
Iñaki Berasaluce - Europa Press

GASTEIZ, 5 (EUROPA PRESS)

Gasteizek jaiak berreskuratu ditu, eta arrakasta handiz; izan ere, txupinazora jende mordoa hurbildu da. Zeledon San Migel elizatik jaitsi da urtero bezala 18:00etan, COVID-19aren pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, eta Arabako hiriburuak bat egin du Andre Maria Zuriaren jaiak hasi direla kausa.

"Gogo handia zegoen jaiak berreskuratzeko eta hori txupinazora joan den jende kopuruan eta egun osoan zehar hiriko kaleetan izandako giroan hauteman da. Emozioz beteriko momentua izan da", azaldu du Gorka Urtaran alkateak San Migeleko balkoitik egindako lehen balorazioan. Izan ere, milaka gasteiztarrek Andre Maria Zuriaren plaza eta bere inguruko kaleak bete dituzte, ondo pasatzeko eta jaien itzulera ospatzeko gogoz.

Emakumeak protagonista bereziak izan dira txupinazoan, eta bereziki metxa piztu duten bost emakume ausart, konprometitu, borrokalari eta haien ogibidean erreferenteak direnak. Izenak? Elena Loyo eta Ruth Brito kirolariak, Maria Jose Sáez de Cortazar ostalaria, Jaione Prado merkataria eta Arantza Navarro ikerlaria.

Hiriaren garbiketari dagokionez, Udalak kontratatutako garbiketa-taldeak lan bikaina eta puntuala egin du Zeledonen Jaitsieraren eta Andre Mari Zuriaren omenezko Bezpera Handien arteko unean, 18:30ean sartu baitira garbitzera. Egibideko 33 begirale ibili dira garbiketa-enpresako 70 langilerekin eta makinekin batera lanean (hondeatzaile txikia, 7 garbitzaile, 6 baldeatzaile eta hondakinak jasotzeko 3 kamioi, besteak beste).

Hondakinak Kudeatzeko Zerbitzuak jakinarazi du sarbideetan ez dela gertaera nabarmenik izan, eta herritarrak oso kontzientziatuta daudela, ekitaldira ez dutelako beirarik eraman eta hondakin bakoitza dagokion edukiontzian bota dutelako. Plazan eta sarbideetan jarri dira hainbat ontzi, eta jasotako guztia birziklatu egingo da. Plazan jasotako hondakinak ere, plastikozkoak gehienbat, sailkatzeko instalaziora eramango dira.

Contador