Gasteizko tranbia Salburuara luzatzeko lanak lizitatuko ditu Jaurlaritzak, 17,2 milioi euroko aurrekontuarekin

Tranbiaren lanak Gasteizen.
EUSKO JAURLARITZA - Archivo

Actualizado: jueves, 7 noviembre 2019 13:39

GASTEIZ, 7 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Gasteizko tranbia Salburuara luzatzeko eraikuntza lanen lizitazioa onartuko du ostiralean, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren bitartez. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 17,2 milioi euro da (BEZ gabe), eta aurreikusitako egikaritze epea 30 hilabete.

Jaurlaritzaren, Arabako Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetzaren emaitza da tranbiaren luzapena. Lakua, Abetxuko, Erdialdea eta Hegoaldea adarren eraikuntzan bezala, Jaurlaritzak aurrekontuaren %65 jarriko du, eta Aldundiak eta Udalak, berriz, erdi bana finantzatuko dute gainerakoa (17,5%). Instituzio ezberdinen arteko finantzaketa hitzarmenaren kopuru orokorra 24 milioi euro da, orain lizitatzen den 17,2 milioi euroko obra zibila eta aurrerago burutuko den instalazio partea barne hartuta.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, adar berriak 2.575 metroko luzera du, eta egiturari, tamainari eta formari dagokienez berdinak izango diren eta nasak alboetan izango dituzten bost geltoki berri eraikitzea aurreikusten du, San Luzian, Iliadan, Nikosian, Unionen eta Salburuan.

Tranbiaren luzapenak ahalbidetuko du hiriaren ekialdean dauden auzoen zuzeneko lotura hobetzea, zehazkiago, Santa Luzia eta Salburua auzoak erdigunearekin, Lakuako autobus geltokiarekin eta gaur egun dauden lineen zerbitzuak dituzten guneekin. Era berean, auzo horiek Hegoalderekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) campusarekin lotzeko aukera emango du, abian jarriko den Hegoaldeko luzapenari esker.

Arabako hiriburuaren erdigunearen eta auzoen arteko mugikortasuna eta loturak hobetzeaz gain, tranbia Salbururaino luzatzeak gune urbanizatu berriak sortzen eta bidegorri sarea luzatzen lagunduko du. Horrela, 2,5 kilometroko trazatu berria eraikitzeak 70.860 metro koadroko urbanizazio berria ekarriko du berarekin; horietatik ia 22.000 metro koadro tranbiaren trazadurari berari dagozkio, izango dituen bost geralekuekin.

Gainera, proiektua gauzatzearen ondorioz, udal bidegorrien sareak 2.390 metro lineal gehiago irabaziko ditu. Gainerako espazioa Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak adostutako jarraibideen arabera urbanizatuko da berriro. Tranbiaren trazatu berriaren %95 bide berdetik joango da.

UNITATE GEHIAGO

Bestalde, Euskotrenek bere unitateen ahalmena handitzea erabaki du, bai eta gaur egungo zerbitzuaren prestazioak hobetzea ere. Horretarako, CAFek Irungo lantegian egin dituen zazpi ibilgailu artikulatu arin txertatuko ditu. Unitate berri horiek 25 milioi euro inguruko aurrekontua izan dute.

Egokitzapenari esker, ohiko tranbia erabiltzen duen pertsona kopurua handitu ahal izango da: 270 pertsona eraman ditzakeen bost kotxeko tranbiatik, 400 eraman ahal izango dituen zazpi kotxeko tranbiara igaroko da. %100 solairu baxuko tranbiak izango dira, noranzko bikoak, eta sartzeko 16 ate izango dituzte (zortzi alde bakoitzean). Guztira 58 eserleku gehi 6 eserleku tolesgarri izango dituzte (4 gunetan egongo dira, mugikortasun urriko pertsonentzat).

Beraz, bere ahalmen osoarekin zirkulatzen duen tranbia bakoitzak lau autobusek eta 200 automobilek daramaten pertsona kopurua mugitu dezake, eta horrek CO2 isurketak nabarmen murriztea ekarriko du, Jaurlaritzaren arabera.