Gasteizko Udalak 63.000 euroko ekarpena egingo dio Euskaltzaindiari hirian euskararen erabilera sustatzeko

AYTO VITORIA
Actualizado: lunes, 15 julio 2019 12:18

GASTEIZ, 15 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu dute astelehen honetan bi erakundeen arteko elkarlana sendotu eta hirian euskararen erabilera bultzatzeko. Gorka Urtaran alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute akordioa udaletxean egin den ekitaldi publikoan. Horrenbestez, 63.000 euroko ekarpena egingo dio udalak Euskal Akademiari.

Gasteizko Udalbatzak eta Euskaltzaindiak 1996ko irailean sinatu zuten horrelako lehenengo lankidetza hitzarmena, eta geroztik urtero berritzen dute konpromisoa. Alde batetik, akademiak aholkularitza linguistikoa eskaintzen dio udalari, eta bestetik, udalerriko toponimia proiektuan lanean jarraitzen dute.

Urte horietan Euskaltzaindiarekin izandako lankidetza azpimarratu du Gorka Urtaranek, "hirian euskararen ezagutza eta erabilera areagotzen lagundu baitiguzue". Bere hitzetan, "Gasteizek, Euskadiko hiriburua den aldetik, euskararen hiriburua izan behar du. Gure hizkuntzarekin konprometituta gaude; lehentasun bat da guretzat. Herritarren hizkuntza eskubideak betetzen direla bermatzeko lan egin behar dugu, eta euskara, gure harribitxi nagusietako bat, gero eta gehiago entzun dadin kaleetan". Gainera, zorionak eman dizkio alkateak Euskaltzaindiari, mendeurrena ospatzen baitu aurten.

Bestalde, Urrutiak nabarmendu du beste behin berresten dela "Gasteizko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko aspaldiko elkarlana, hirian eta Araba osoan euskara eta euskal kultura sustatzeko baliagarria izango dena". "Gai zehatzetan eginen dugu lan, toponimian eta euskalgintzan batez ere", gaineratu du.

Akordioari esker, Elena Martinez de Madinak koordinatzen dituen Gasteizko toponimiaren inguruko lanekin jarraituko da, eta aurten, Jungitu, Zerio, Estibaliz, Lubinau eta Uribarri Arratzua toponimoen deskribapenak sakonduko dira. Era berean, Arratzua III (Jungitu, Zerio, Estibaliz, Uribarri, Arratzua, Matauku, Oritia, Ilarratza eta Lubinau) argitalpenean agertuko diren toponimoei dagozkien testuen behin behineko idazkuntza egingo da, eta mapak prestatuko dira. Gainera, Dibiña I datu basea prestatzen hasiko dira.