Gasteizko Udalak gazteei arreta emateko bidea ireki du whatsapp bidez

Actualizado: miércoles, 6 julio 2022 11:58

GASTEIZ, 6 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak hiriko gazteei arreta emateko kanal berri bat ireki du asteazken honetan whatsapp bidez, 626 744 936 zenbakian. Erabakiak hartu aurretik, gazteei informazioa bilatzeko eta hautatzeko prozesuan laguntzea du helburu zerbitzu berriak.

"Bizitza pixkanaka digitalizatzeak, batez ere gazteen artean, informazio kanal berri hau abian jartzea eragin du. Zerbitzua bulegoko ohiko ordutegian emango dute Gazte Informaziorako Udal Bulegoko teknikariek, eta kontsultek aurrez aurre egindakoen tratamendu bera jasoko dute", azaldu du Miren Fernandez de Landa Gazteria zinegotziak.

Gainera, whatsapp zerbitzuaren bidez kanal berriak gazteria arloko programak eta jarduerak ezagutzeko aukera emango du, profilari lotutako katalogoan bilduta. Horrela, besteka beste, aholkularitza (psikologikoa, juridikoa edo sexualitateari buruzkoa) eta etxebizitza, prestakuntza edo enplegua bilatzeko dauden baliabideei buruzko hasierako informazioa izan dezakete gazteek.

Gazteria Zerbitzuak euskarazko zein gaztelaniazko kontsultei erantzungo die, bai eta testu zein ahots mezuei ere. Hala ere, ez da telefono deirik onartuko, eta horretarako 945 16 13 30 telefonora deitu beharko da.