Actualizado 13/10/2021 10:55 CET

Gasteizko Udalak "irmotasunez" gaitzetsi du hirian izandako hilketa matxista

Gasteizko udaletxea
GASTEIZKO UDALA

GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udalak "irmotasunez" gaitzetsi du asteartean hirian gertaturiko hilketa matxista, laguntza osoa eskaini dio biktimaren inguruari, eta jakinarazi du bere esku jarriko dituela behar dituen baliabide psikologiko, juridiko, sanitario, babes eta harrerakoak.

Gizon batek bere bikotekidea hil zuen asteartean Gasteizko Sansomendi auzoko etxebizitza batean, adingabeko bi seme-alabak bertan zeudela, eta ondoren bere buruaz beste egin zuen.

Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistaren aurrean jarduteko eta aurre egiteko Protokoloa aktibatu du kasuaren berri izan eta haren ikuspegirik osoena eta zehatzena izateko aukera eman duen informazioa egiaztatu bezain azkar. Jarraian, bilera baterako dei egin du, informazio guztia biltzeko eta erantzun instituzionala zein biktimarentzako eta haren inguruarentzako arreta koordinatzeko.

Erakunde adierazpen batean, Gasteizko Udalak azpimarratu du indarkeria matxistak giza eskubideak "larritasunez" urratzen dituela eta "garrantzi handiko arazoa" dela, "indarkeria jasaten duten emakumeen duintasunari eta osotasun fisikoari eta moralari eraso egiten diena, erailketa matxista matxismo horren adierazpen larriena izanik".

"Indarkeria hori ez dute ekintza isolatu batzuek osatzen. Gure gizartea osatzen duten jokabide esplizituz, mezu sexistez eta sinboloez osatutako sare bat da, eta emakumeak gizonen mende mantentzea eta indarrean den sistema hetereopatriarkalak finkatutako mugak hausten dituen gorpurik, eredurik edo jokabiderik ez onartzea du helburu", salatu du.

NEURRIAK

Horren harira, "emakumeek giza eskubideak benetan erabil ditzaketela bermatzeko ardura duen instituzio publikoa denez gero", Gasteizko Udalak neurriak bultzatuko ditu udal erakundeek eta herritarrek oro har berehala eta irmotasunez erantzuna emateko edozein eraso matxistari, biktimei lehentasunez arreta emateko, emakumeei indarkeriari aurre egiteko tresnak emateko prebentzio jarduketak garatzeko eta erasotzaileen gizarte zigorgabetasuna ez onartzeko. Gainera, konpromisoa hartu du lan egiten jarraitzeko eta laguntza eskaintzeko, bere eskumenak betez, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko.

Hori guztia dela eta, Gasteizko Udalak jakinarazi du hilketa saklatzeko 15 minutuko bilkura bat egingo duela Plaza Berrian asteazken honetan, 12:00etan, 'Vitoria-Gasteiz: eraso matxisten aurka' lelopean. Gainera, bat egin du mugimendu feministak deitutako gaitzespen ekintza guztiekin eta gonbitea luzatu die herritar guztiei horietan parte hartzeko.

Contador