Gastrobikain programak 500.000 euro banatuko ditu proiektu gastronomiko berriak bultzatu eta bikaintasuna sendotzeko

Gastrobikain aurkeztu dute
JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 15 noviembre 2018 18:07

GASTEIZ, 15 (EUROPA PRESS)

Gastrobikain programa berriak 500.000 euro banatuko ditu laguntzetan, gastronomiaren kalitatea sustatzeko proiektuak bizkortzeko eta bultzatzeko asmoz. Deialdiaren bitartez, asmoa da gastronomiaren eta elikaduraren sektorean estrategikotzat jotzen diren gastronomiako ekimenak diruz laguntzea, bai negozio berriak hastean, bai jada ospea duten eta bikainak diren negozioak sendotzean.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuordeak, Joxemari Aizega Basque Culinary Center-eko (BCC) zuzendari nagusiak eta Euskadiko gastronomiaren munduko ordezkari batzuk aurkeztu dute gastrobikain ostegun honetan, Gasteizen egindako agerraldian.

Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren 2020 Plan Estrategikoan proposatutako jardute ildoetako baten baitan dago Gastrobikain. Planaren lehentasunetako bat da gastronomiaren eta elikaduraren kateari lotutako negozioak sortzen laguntzea, enpresen sustapenerako neurrien eta talentu gazteei lanean hasteko laguntzen bitartez. Halaber, Elikaduraren Balio Kateko Ekintzailetza bultzatzeko Jaurlaritzak abiarazi duen estrategia indartzera dator.

Agerraldian azaldu dutenez, gaur egun, euskal sukaldaritzak hainbat erronka ditu etorkizunari begira, hala nola belaunaldien arteko erreleboa eta nazioarteko aitorpenak eskuratzea, munduko panoraman erreferente izaten jarraitzeko. Horrela, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Saila Elikaduraren Balio Katea lantzen ari da, bere esanahirik zabalenean, lehen sektorea, banaketa, merkaturatzea eta sukaldaritza sartuz, marketina, ikerketa eta heziketa moduko alderdiekin batera.

BI LAGUNTZA MOTA

Horrela, Gastrobikain ekimenak bi laguntza modalitate izango ditu. Alde batetik, gastronomiako proiektu berrien sustapena lagunduko du. Helburua da gastronomiako unibertsitate graduetan edo sukaldaritzako eta errestaurazioko goi mailako zikloan titulatu berri direnek abiaturiko sukaldaritza negozioak sustatzea, negozio gastronomiko berri horietan kalitatea ezaugarrietako bat izanik. Ildo honek 200.000 euroko zuzkidura dauka.

Bestalde, bikaintasuna sendotzeko laguntzak banatuko ditu. Asmoa da ibilbide eta kalitate ezaguna duten establezimendu gastronomikoei laguntzea, sektoreko kalitate estandarretan eta akreditazioetan aitortza handiagoa lortu dezaten, bereziki jatetxe gidetan eta nazioartean ezagunak diren bikaintasun gastronomikoaren sailkapenetan. Orotara, 300.000 euroko zuzkidura banatuko ditu.

Modu honetan, modalitatean batean zein bestean, lokalak egokitzeko obra eta obra proiektugileen eta zuzendarien ordainsariak;
makinak eta instalazioak; eta ekipamendu, altzari eta tresneriarako inbertsioak diruz lagunduko dira.