Gatazka testuinguru eta indarkeria egoeretako esku hartzeak lehenetsiko ditu Jaurlaritzak laguntza humanitarioetan

Siria.- Al menos 35 muertos entre militares sirios, rebeldes y yihadistas en pleno repunte de los combates en Siria
Anas Alkharboutli/dpa
Actualizado: martes, 18 junio 2019 13:09

GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako gobernu bilerak ekintza humanitarioko esku hartzeak arautzen dituen dekretu berria onartu du astearte honetan. Orain arte Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez ematen zituen laguntza humanitarioen sistema berrantolatzen du dekretuak, eta, aurrerantzean, gatazka testuinguruetako eta bestelako indarkeria egoeretako esku hartzeak lehenetsiko ditu, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.

Dekretu berria bat dator Jaurlaritzak 2017an onartutako Ekintza Humanitarioko Estrategiarekin. Sistema humanitarioko erronketako batzuei aurre egitea da estrategia horren helburua, azken urteetan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herri administrazioek eta laguntza horietan parte hartzen duten erakundeek metatu duten esperientzia oinarri hartuta. "Gaur egun, krisialdiak denboran zehar luzatzen dira, eta beharrizanak laguntzak baino erritmo biziagoan hazten dira. Horrexegatik ezarri dira, hain zuzen ere, erronka hauek", azaldu dute.

Horrela, astearte honetan onartu den dekretuak gatazken eta beste indarkeria egoera batzuen ondorio diren krisiek kalte egindako biztanleriak babestea lehenetsiko du, eta bere aplikazio eremutik kanpo utziko ditu larrialdi humanitarioak eta hondamendi naturalak (48 edo 72 orduan eman beharreko berehalako erantzuna behar dutenak); hemendik aurrera, egoera horiek diru laguntza zuzenen bidez artatuko dira laguntzak behar izaten diren unean.

Era berean, testuan mantendu egin dira 2008ko dekretuak arautzen zituen esku hartzeko bi modalitate finantzagarriak. Alde batetik, finantzazio lerro iraunkorra dago, urte osoan zabalik eta ekintza humanitarioko proiektuak, krisi humanitarioek kalte egindako pertsonak babestera bideratua. Diruz lagundu daitekeen proiektu bakoitzaren muga 200.000 eurokoa da.

Bestetik, ekintza humanitarioko oinarrizko estrategia lerroa dago, lehiaketa araubideko prozedura jarraitzen duena. Lerro honen bidez, batez ere, ahaztutako krisiak artatzen dituzte ekintza humanitarioetan espezializatutako antolakundeek. Iraupen luzeagoa eta aurrekontu handiagoa duten ekintzak dira, eta estaldura mediatiko txikiagoa duten eta, ondorioz, laguntza humanitario gutxiago jasotzen duten krisiek kaltetutako herritarrei laguntzeko izaten dira. Modalitate honetan gutxieneko diru laguntza 500.000 eurokoa izango da eta gehienekoa 800.000 eurokoa.