Gau Beltzaren jaiaren ezagueran sakontzeko unitate didaktikoa sortu du Topaguneak

Gau Beltza.
EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA
Actualizado: viernes, 30 septiembre 2022 13:52

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaleen Topaguneak unitate didaktiko bat sortu du Gau Beltzaren atarian, ospakizunaren ezagueran sakontzeko helburuarekin. Jolasak, ginkanak, abestiak edota ipuin kontaketak biltzen ditu Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako haur eta gazteentzat espresuki sortutako unitate didaktikoak, eta gaubeltza.eus webgunean dago edonorentzat eskuragai, jaiaren inguruko beste hainbat informazio eta euskarrirekin batera.

Izan ere, Euskaltzaleen Topagunetik adierazi dutenez, badira munduko herrialde gehientsuenetan ospatzen diren tradizioak, eta Santu guztien egunaren bezperako jaia da horietako bat. Esanahi handiko efemeridea da, hildako ahaideen memoria goresteko sortua baita. 'Halloween' deitzen diote anglosaxoiek, 'Hildakoen eguna' latinoamerikarrek, eta Arimen Eguna deitu izan zaio gurean aspalditik.

Bada, hor du abiapuntua 'Gau Beltza' egitasmoak. 2018an abiatu zuen Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herriko usadio zahar horren berreskuratze lana, eta hiru urteotan emankorra egin du: herritar askok ospakizuna deskubritu eta bere egin dute arbasoen usadioa.

Orain, ospakizunaren bezperatan, Euskaltzaleen Topaguneak Gau Beltzaren inguruko ezagueran sakontzea eta ikasleei jaian barneratzeko tresnak helaraztea da unitate didaktikoaren helburua, beti ere jolasaren esparruan baina asmo pedagogiko landuarekin.

"Egiten duguna gara, kultura baten nolakotasunak ematen baitio izatea herriari. Nola bizi, hala izan. Eta hori du hain justu Gau Beltzaren inguruko lanketak helburu: gurean aspalditik errotutako ospakizuna indarberritu eta suspertzea", adierazi dute ekimenaren arduradunek.