Gaztearen 28. Maketa Lehiaketa abian da eta maketak bidaltzeko epea otsailaren 26ra arte egongo da zabalik

Gaztearen 28. Maketa Lehiaketa
EITB
Publicado: domingo, 20 enero 2019 14:28

   BILBO, 20 Ene. (EUROPA PRESS) -

   Gaztearen 28. Maketa Lehiaketa abian da, urte berriarekin batera, eta otsailaren 26ra arte egongo da zabalik maketak bidaltzeko epea. Parte hartzaileek ezin dute diskoetxe batekin inolako hitzarmenik izan eta musika estiloari dagokionez ez dago mugarik, EiTBk jakinarazi duenez.

   Lehiakide bakoitzak hiru abesti aurkez ditzake. Bozketa fasea martxoaren 13an hasiko da, eta horrela, astebetez (martxoaren 20ra arte), lehian arituko dira bigarren fasera sailkatutako taldeak. Horien artean boto gehien jasotzen dituenak Entzuleen Saria eskuratuko du; Epaimahaiaren Saria norentzat izango den, berriz, epaimahaikideek erabakiko dute ondoren.

   Guztira, bost taldek edo bakarlarik lortuko dute final handirako txartela. Finala apirilaren 5an izango da, Bilboko Kafe Antzokian, eta bost finalistak bertan arituko dira zuzenean, euren kantak defendatzen. Epaimahaikideek horietako hiru aukeratuko dituzte, eta beste biak boto gehien jaso dituztenak izango dira.

   Ohi bezala, Epaimahaiaren Saria jasotzen duen talde edo bakarlariak 5.000 euro eskuratuko ditu eta Bilbao BBK Live jaialdian aritzeko aukera izango du. Entzuleen babesik handiena jasotzen duenak 2.500 euro eramango ditu. Gainera, Kafe Antzokiaren sari berezia banatuko da, eta irabazleak 300 euro jasoko ditu.