Gazteei aisialdirako sareko aukerak eskaintzeko #GazteKlubaEtxean abiatu du Bilboko Udalak

#Gaztekluba
BILBOKO UDALA
Publicado: viernes, 3 abril 2020 18:06

BILBO, 3 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak #GazteKlubaEtxean programa jarri du martxan, gazteei etxetik parte hartu eta aisialdiaz gozatzeko moduko aukerak eskaintzeko. Instagram sare sozialeko @gaztekluba kontuan, etxetik egiteko moduko kirol, musika, zientzia zein umorezko jarduerak, probak eta erronkak aurkituko dituzte gazteek.

Programa 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta hainbat erronka eta probatan parte hartuko dute. Entretenitzeaz eta dibertitzeaz gain, bizitza osasuntsuaren balioak eta ohiturak irakastea dute helburu probak. Gainera, berezko talentu musikala erakutsi nahi duenak jarduera-programaren barruan antolatutako bideo-castingaren deialdira aurkezteko aukera izango du.

Horrela, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, #GazteKlubaEtxean programak astean hainbat proba gainditzeko erronka jarriko die bilbotar gazteei. "Kirol, musika, zientzia zein umorezko erronkei esker, zer gozatua izango dute etxean eman beharreko denbora honetan", adierazi dute.

Parte hartzeko Instagrameko @gaztekluba profila jarraitu behar da, besterik ez. Erronka bakoitzak 48 orduko epea izango du parte hartzeko, eta parte hartzaile guztien artean hainbat aisialdi plan zozkatuko dira, egungo alerta egoera bukatutakoan gozatzeko.

Bestalde, bideo-casting lehiaketa bat ere antolatu da, musika talentuak erakartzeko helburuarekin. Parte hartu nahi duten gazteek bideoak bidali ditzakete gazteklubabilbao@bilbao.eus helbidera edota Instagrameko @gaztekluba profilean etiketatu. Aukeratutako guztiak #GazteKLUBA profilean argitaratuko dira eta Bilboko Udalak antolatutako etorkizuneko ekitaldietan parte hartzeko aukera izango dute.