Gazteenen artean garraio publikoa eta opera zaletasuna sustatzeko akordioa berritu dute OLBEk eta Bizkaibusek

Publicado: lunes, 22 octubre 2018 13:04

BILBO, 22 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak eta Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak (OLBE) bien arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, hirugarren urtez jarraian, "ABAO Txiki" denboraldian zehar 12 urte arteko gazte bizkaitarren artean garraio publikoaren erabilera eta opera zaletasuna sustatzeko asmoz.

Horrela jakinarazi dute astelehen honetan Bilbon Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Saileko foru diputatuak eta Juan Carlos Matellanes OLBEko lehendakariak.

Besteak beste, hitzarmenean 400 gonbidapen banatzea aurreikusi da, 100 sarrera 2018-2019 ikasturteko "ABAO Txiki" programa osatzen duen obra bakoitzeko: "El bosque de Grimm", azaroaren 3 eta 4an; "Caperucita blanca", urtarrilaren 3, 4 eta 5ean; "El traje nuevo del emperador", otsailaren 23 eta 24an; eta "El científico de la ópera", maiatzaren 18 eta 19an.

Adin nagusiko baten laguntzarekin operara joan nahi duen 12 urte edo gutxiagoko ume bizkaitar bakoitzak argazkia atera beharko du Bizkaibus autobus baten barruan edo ondoan edota markesina batean, edo, bestela, 2018-2019ko "ABAO Txiki" opera denboraldiko titulu edo pertsonaiekin loturiko marrazki bat egin. Materialak OLBEren bulegoetan aurkeztu beharko dira, Bilboko Jose Maria Olabarri kaleko 2-4 zenbakietan. Gero, programatuta dauden lau operetako bat aukeratu ostean, gonbidapenak jaso beharko dituzte.

Emanaldien egunetan, Arriaga antzokiko atondoan erakutsiko dira argazkiak eta marrazkiak; haien ondoan kartulinazko autobus bat jarriko da, "Bizkaibusek operara zaramatza" leloarekin, eta haurrek argazkiak atera ahalko dituzte, autobusean bidaiatzen doazenaren itxurak egiten.

Ekimenaren zabalkundea lurraldeko hainbat irratien eta sare sozialen bidez egingo da, denboraldiaren estreinaldia baino bi aste lehenago. Era berean, "ABAO Txiki" programa eta Bizkaibus eta OLBE bultzatzeko 18.000 programa inguru banatuko dituzte Bizkaiko ikastetxe, ikastola, musika eskola eta bestelako zentroetan, eta flyerrak, kartelak eta prentsa eta kanpo iragarkiak ere jarriko dituzte.