Genetika izango da hizpide datorren asteazkenean, Bilbon, Bidebarrieta Zientifikoaren egitarauaren baitan

Genetikari buruzko hitzaldia
BILBOKO UDALA
Publicado: domingo, 17 febrero 2019 13:30

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kultura Zientifikoko Katedrak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) "Zaude lasai, guztiok gara mosaiko genetikoak-eta" hitzaldia antolatu dute, Bidebarrieta Zientifikoaren urteko egitarauaren baitan. Ana Zubiaga EHUko Biologia doktore eta Genetika katedraduna izango da hizlaria, datorren asteazkenean, otsailaren 20an, Bidebarrietako liburutegian.

Hitzaldia euskaraz izango da eta arratsaldeko 19:00etan hasiko da. Sarrera doakoa izango da, baina ezinbestekoa da liburutegian bertan gonbidapena jasotzea, ostiral honetatik aurrera. Minbiziaren biologiaren eta genetikaren alorretan espezialista den Ana Zubiaga ikerlariak genetikan emandako aurrerapausoei buruz hitz egingo du, eta giza genomaren sekretuak erakutsiko ditu.

Ana Zubiaga Biologia doktorea eta Genetika katedraduna da EHUn. Doktoretza ondorengo ikerlaria izan zen Tufts-eko eta Harvard-eko unibertsitateetan, eta bertan minbiziaren garapenean inplikatuta dauden geneen erregulazioaren azterketan espezializatu zen. Une honetan Genetika, Antropologia Fisiko eta Fisiologia Animal Sailean egiten du lan. Bere ikerketa eremua minbiziaren biologia da, eta Biologia Molekular eta Biomedikuntza Masterraren arduraduna da.

Hitzaldia Bidebarrieta Zientifikoaren urteko programazioaren barruan dago. Ekimenak beste programa batzuk ere antolatzen ditu, besteak beste, Darwinen Eguna, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarekin batera, zientzia jende guztiari era atseginean eta didaktikoan hurbiltzeko eta egunerokotasuna duten zientziari buruzko gaiak ezagutarazteko helburuarekin.