Publicado 24/11/2022 17:56

Getariako Zarautz jauregia erabat zaharberrituko da erabilera anitzeko eraikin berria egiteko

Olano, Alberdi eta Zupiria Getariako Zarautz jauregiaren aurrean.
IREKIA

DONOSTIA, 24 Nov. (EUROPA PRESS) -

Getariako (Gipuzkoa) Zarautz jauregia erabat zaharberrituko da erabilera anitza izango duen eraikin berria egiteko. Hain zuzen, jauregiaren zaharberritze integralaren ondoren, bertan kokatuko dira turismo bulego berria eta 'Elkano Mundubira' izeneko interpretazio zentroa egongo dira, besteak beste. Getariako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bat egin dute Europako funtsak jasoko dituen proiektu honetan.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano eta Getariako alkate Haritz Alberdi elkarrekin izan dira ostegun honetan Zarautz jauregiaren zaharberritze integralaren xehetasunak ematen udaletxean egin den aurkezpenean. Herriko erdialdean dagoen eraikina kontserbatzeko helburuaz aparte, jauregiak erabilera berriak izango dituela aurreratu dute.

Hiru erakundeen babesa du birgaitzea finantzatzeko aurki sinatuko den lankidetza hitzarmenak, bai eraberritze lanei ekiteko, bai eraikinaren barruan museo-gune bat egokitzeko. Proiektuaren zati bat Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Mekanismotik datozen Europako Funtsekin batera finantzatuko da.

Zarautz jauregia Getariako Hirigune Historikoan dago, Kale Nagusiko 38 eta 40 zenbakietan, eta interes kulturaleko eraikina da, 1999ko Dekretuaren bidez babestua. Dekretu horren bidez, Getariako Hirigune Historikoa Sailkatutako Kultura Ondasun izendatu zen, Monumentu Multzo Kategorian, Euskal Kultura Ondareari buruzko 1990eko Legeak aipatzen dituen babes araubideak jarraituz.

Eraikina gaur egun hutsik dago. Eskuinetik beste dorre batekin lerrokatuta dago eta ezkerretik, partzialki, San Salvador elizarekin. XVI. mendeko eraikin gotikoa da, ondare baliotsukoa, Getariako hiribilduaren bilakaerari eta garapenari buruzko informazioa jasotzen baitu hormen artean.

Bestalde, orubearen beheko solairuan indusketa arkeologiko sistematikoak egin dira, eta erromatarren okupazio baten aztarnak azaleratu. Garai historiko hori ez dago ia dokumentatuta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE); beraz, aztarna horiek ikusgai jarriko dira monumentuaren eta Getariaren historiaren zati gisa balioa emateko.

Jauregian egin beharreko lanak bi proiektu bereizietan zehaztu dira: alde batetik, arkitektura lanak eta, bestetik, Juan Sebastian Elkanoren inguruko proiektu museografikoa. Birgaitze lanei dagokienez, eraikinak zaharberritze integrala behar du, horma egiturak finkatzea, estalkia berrezartzea eta barne espazioa erabat egokitzea barne.

Proposamen arkitektonikoak lau solairutan banatutako ekipamendua definitzen du: beheko solairuan turismo bulegoa egongo da; lehenengo, bigarren eta hirugarren solairuetan museo gelak egongo dira; azkenik, laugarren solairuan Getariako biztanleentzako erabilera anitzeko espazioa kokatuko dute. Museoari dagokionez, 'Elkano Mundubira' espazioaren helburua espedizioa modu didaktiko eta erakargarrian azaltzea da, jasangarritasunaren eta kultur aniztasunaren errespetuan oinarrituta.

KOSTUA

Zarautz jauregia birgaitzeko proiektuaren kostu osoaren zati bat Europar Batasunetik datozen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia-Next Generation planeko funtsekin batera finantzatuko da, guztira 796.727 euroko ekarpenaren bidez.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak obren gainerako kostuaren %50 eta museografiaren heren bat jarriko dute. Gainera, Getariako Udalak museografiaren heren bat emango du, eta zaharberritzeko, birgaitzeko eta balioa emateko obrak eta museografia gauzatzeaz arduratuko da.

Bingen Zupiriak azpimarratu du erakundeen arteko elkarlan estuak ahalbideratu duela Zarautz jauregiaren proiektua: "Lankidetza eredugarria izan da hiru erakundeen artean eta urtetan lanean elkarrekin aritu izanak eman du bere fruitua. Ondarearen balioa nabarmentzeko egitasmo eredugarria da Getarian egingo dena. Ondarea den eraikina hartu, birgaitu eta zerbitzu publikora eskainiko bait da".

Bere ustez, "Elkanoren urteurrenak emaitza iraunkorra utziko du herrian: aurreko ospakizunak plazan ikus daitekeen monumentua utzi zuen, aurtengoak berriz Elkanoren bidaiaren berri gaurkotua".

Bestalde, Markel Olanok nabarmendu du du Zarautz jauregiaren zaharberritze integrala "Gipuzkoa osorako berri pozgarria eta oso egitasmo esanguratsua" dela, lurraldearen historia ezagutzeko "gune neuralgiko" batean dagoelako eta, gainera, proiektu museografiko baten bitartez "gure herriaren bilakaeran pasarte garrantzitsuenetako bat ezagutzeko leiho berri bat" zabalduko duelako.

"Balio handiko eraikin hau berreskuratzen dugu getariarrentzat eta herritarrentzat, oro har. Aldi berean, mundu biraren mendeurreneko ospakizunetan pilatutako jakintza gizartearen esku uzteko balioko digu", azaldu du.

Azkenik, Haritz Alberdik adierazi duenez, "pozgarria da hamarkada luzeetan hutsik eta gainbehera egon den eraikin historiko bat berreskuratzeko hiru instituzioen artean hartu diren konpromezuei esker, eraikina guztiz berreskuratzea. Eta gainera, egongo diren espazio desberdinak herriko eta herritarren beharrei erantzuteko erabiliko dira batetik, eta mendeurrenaren inguruan egin diren lanketa guztiak, modu grafiko eta laburrean bada ere, Elkanoren jaioterrian bertan eta balore handiko eraikin historiko batean bilduko dira bestetik".

Contador