Getxoko 205 establezimendu gehitu dira Euskararen Laguna Saltokien Sarera lehen urtean

Getxoko 205 establezimendu gehitu dira Euskararen Laguna Saltokien Sarera lehen urtean
GETXOKO UDALA - Archivo
Publicado: domingo, 16 junio 2019 13:32

BILBO, 16 Jun. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) ostalaritzako eta merkataritzako 205 establezimendu gehitu dira duela urtebete udalak abian jarritako Euskararen Laguna Saltokien Sarera. Establezimenduotan euskararen erabilera sustatzea da ekimenaren helburu nagusia. Euskaraz artatzeko borondatea adierazten duten establezimenduentzat dago irekia sarea, bai eta idatzietan elebitasuna bermatzeko konpromisoa agertzen dutenentzat ere.

"Uste dugu negozietan euskara erabiltzeak bezeroen eta saltokien arteko gertutasuna pizten duela, zerbitzu zabalagoa, pertsonalizatuago, eta beraz, kalitatezkoagoa eskainiko delako. Hori sustatzeko, udalak doan eskaintzen ditu materialak, zerbitzuak eta laguntza, Euskararen Laguna saltokien promozioa hedabideetan eta sare sozialetan egiteaz gain", azaldu duten Getxoko Udaleko iturriek.

Horrela, getxoztarren %56,35 euskalduna dela edo euskaraz ulertzen duela jakinda, bezeroen eta dendari edo ostalarien arteko zubi lana egiten saiatzen ari da Getxoko Udala, "euskara gehiago entzuteko eta udalerriko egunerokotasunean sar dadin".

"Herritarrak animatu nahi ditugu dendetan eta tabernetan euskaraz hitz egitera. Agian pentsatu baino toki euskaldun gehiago topatuko dute, eta, aldi berean, ikusi ahal izango dute merkatariak eta ostalariak euskaraz artatzeko egiten ari diren esfortzua. Era berean, establezimenduak animatzen ditugu ekimenarekin bat egitera", gaineratu dute.

"Euskararen lagun" diren saltokien %30ek dauka hizkuntza paisaia euskaraz edo ele bietan, eta beste horrenbestek bezeroei arreta euskaraz eskaini diezaieke ordutegi osoan. Gainera, saltokien %35ek ere arreta euskaraz eskaini dezake, baina ez ordutegi osoan.

Getxoko Udalak ematen duen laguntzari dagokionez, 2018an, herriko establezimenduek 325 kartel eskatu zituzten euskarazko testuekin, 487 testu itzuli ziren, eta 38 errotuluk jaso zuten udal diru laguntza, euskaraz edo ele bietan ipintzeagatik.

Euskararen Laguna Saltokien sarera elkartu diren establezimenduen mapa, ekimenari buruzko xehetasunak eta sarera batzeko bidea
www.getxo.eus/eu/katalogoa/ udal webgunean daude ikusgai.