GEU elkarteak ikasturtea hasteko festa egingo du ostegunean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan

GEU Fest ospatuko da ostegunean
GEU ELKARTEA
Actualizado: lunes, 2 noviembre 2020 15:11

GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)

GEU Gasteiz Euskalduna elkarteak ikasturteari hasiera emateko festa antolatuko du ostegunean, azaroaren 5ean, Arabako hiriburuko Jimmy Jazz aretoan. Mintzalaguna, Irakurle Kluba, GEUrekin Mendira, Begi Belarri ikus-entzunezko emanaldiak edota Igandeak Jai familientzako saioak eskainiko ditu berriz elkarteak, egungo testuinguruak markatzen dituen segurtasun arauak errespetatuz.

Elkarteko arduradunek adierazi dutenez, etxealdian zehar egitasmoak "moldatu eta birformulatu" behar izan zituzten eta honen ostean diru bilketa kanpaina bat jarri zuten abian. Orain, ikasturte berria martxan dago eta "ilusioz" ekin nahi diote erronka berriei.

Hasteko, ikuskizun laburrez beteriko arratsaldea antolatu du Jimmy Jazz aretoan, ostegunean. Oihan Vega aurkezle, irrati esatari eta musikaria gidatuko du, eta bakarrizketak tartekatuz, musika, bertsoak eta hula hop saioak eskainiko dira. Ekitaldia aprobetxatuz, elkarteak irudi berria ere aurkeztuko du.

Kafe antzoki bat izango balitz bezala, publikoa mahaietan eserita egongo dela azaldu dute. Ekitaldia 18:30ean hasiko da, eta sarrera doakoa izango da, baina segurtasun eta osasun neurrien ondorioz, izen-ematea beharrezkoa da. Sarrerak eskatzeko https://entradium.com/events/geu-fest-gasteiz web orrira sartu behar da.