Gimnasia erritmikoko XXI. Xixili Torneoak 170 gimnasta bilduko ditu igandean Gernika-Lumon

Publicado: sábado, 20 octubre 2018 13:39

BILBO, 20 Oct. (EUROPA PRESS) -

Xixili Gimnastika Elkarteak antolatutako gimnasia erritmikoko Xixili Torneoaren 21. ekitaldia jokatuko da igandean, urriaren 21ean, Gernika-Lumoko Santanape kiroldegian (Bizkaia). Txapelketa 14:30ean hasi da eta 19:00ak aldera bukatuko da, eta 170 gimnastak, 40 entrenatzailek eta 16 epailek parte hartuko dute. Guztira, 24 talde ariko dira, Araba, Bizkai, Gizpuzkoa, Nafarroa, Errioxa, Kantabria, Asturias, Burgos eta Madrilekoak, besteak beste, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Xixili Gimnastika Elkarteak 25. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta hainbat ekintza antolatzen ari da, tartean igandeko txapelketa. Maila honetako torneoa antolatzeak "lan asko eta finantzazio garrantzitsua" suposatzen duela adierazi dute antolatzaileek, eta eskertu egin dute Gernika-Lumo eta Bermeoko kirol patronatuek, Euskadiko eta Bizkaiko gimnasia erritmikako federazioek eta hainbat enpresa pribatuk eskainitako laguntza.

"Guztion artean lortu izan dugu Xixili taldeak 25 urte hauetan zehar eskualdeko 4.000 ume eta gazteri gimnasia erritmikoa lantzeko aukera ematea. Ikasturte berri honetan eskualdeko ia 200 ume eta gazte dauzkagu taldean lanean ilusioz beterik eta taldearen baloreak lantzen: errespetua, talde lana, esfortsua, norberaren eta besteen mugak eta aukerak onartzea, eta taldekidei laguntza eskaintzeko beti prest egotea", adierazi dute.

Xixili taldeak bi egoitza ditu Busturialdean bere zerbitzuak eskaintzeko, Gernika-Lumoko eta Bermeoko kiroldegietan, eta eskualdeko ume eta gazte guztientzako ateak zabalik ditu ikasturte berrian ere taldekide izateko eta gimnasiaz gozatzeko.