Gipuzkoako Aldundiak 600.000 euro aurreztuko ditu, errepideetan efizientzia energetikorako neurriak hartuta

Actualizado 2015/01/30 12:43:26 CET

DONOSTIA, 30 (EUROPA PRESS)

   Errepideetan efizientzia energetikorako neurriak hartu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, horiei esker, 600.000 euro gutxiago ordainduko ditu. Bide Azpiegituretako eta Ingurumeneko sailen arteko elkarlanaren ondorio da aurrezpen hori.

   Gipuzkoako Aldundiak Energia Plana jarri zuen indarrean, energia aurrezpenak ingurumen aldetik eta ikuspegi ekonomikotik duen garrantziaren jakitun. Energia Plan horrek hainbat atal ditu, eta garrantzitsuenetako bat Gipuzkoako errepideetan energia aurrezpena lortzea da. Horretarako, Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Sailak eta Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Sailak elkarlanean plangintza bat egin dute eta jada martxan jartzen hasi dira.

   Planteamendua azaltzeko, Iñaki Errazki Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak eta Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako foru diputatuak prentsaurrekoa eskaini dute gaur, urtarrilaren 30ean.

   Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak, azken urteetan hartutako neurrien bidez eta 2015ean zehar hartuko direnekin, ia 600.000 euroko aurrezpena lortuko du dirutan, eta energia kontsumoari dagokionez, neurri eta proiektu bakoitzaren araberakoa da aurrezkia, baina kasu askotan %50 gutxiago kontsumituko da.

   Efizientzia energetikoa lortzeko proiektu hauen kostua bost milioi eurokoa da, eta aurrezpena ikusita, zortzi urte pasatxotan amortizatuko da. Ildo horretan, gainera, kontuan hartu behar da lan hauen bidez zaharkituta zeuden hainbat instalazio eta gune berritu egingo direla eta horrek mantentze lanetan ere eragina izango duela, instalazio berriak egongo direlako.

LANAK

   Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideetan hartu dituen eta hartuko dituen neurrien adibide gisa, 2015ean zehar egingo diren lanak aipatu ditu Larraitz Ugartek. N-1 errepidean, Lasarte parean, 451 eta 453 kilometro puntuen artean, kanpoko argiteria aldatuko da. Zati horretako argiteriak 30 urtetik gora ditu eta presio handiko sodio-lurrezko lanparak dira.

   Behin lanak egindakoan LED motako argiak jarriko dira eta horrek hainbat abantaila ekarriko ditu: tenperatuta baxuagoa, espectro banda zabalagoa, erantzun azkarragoa, argi distiratsuagoa, akats gutxiago, iraunkortasun handiagoa eta abar. W-tan %20 gutxiago kontsumituko dute eta A kalifikazio energetikoa lortuko da.

   Halaber, N-1 errepidean, Irura eta Tolosa artea,  433 eta 440 kilometro puntuen artean, kanpoko sodio lurrenezko lanparak led motakoengatik aldatuko dira.

   Gainera, GI-20 errepidean, Donostian, Anoeta parean, presio handiko sodio lurrunezko lanparak aldatuko dira eta 250Wko VSAP motakoak jarriko dira, ezarritako potentzia 12 KWtakoa izanik. Jarduera honen ondorioz aurrezpen energetikoa eta ekonomikoa %50 baino gehiagokoa izango da.

   Halaber, A-15 autobideko Belabieta eta San Lorenzoko tuneletako aireztatze sistema berrituko da eraginkortasun energetikoa hobetuko da, %10 inguruko energia aurrezkia lortuz eta CO2 emisioa gutxituz.

   Iñaki Errazkinek adierazi du Gipuzkoak burujabetza energetikorantz joan behar duela, hau da, ingurunean ahalik eta eragin txikiena eragingo duen eta herritarrak merkatuaren gorabeheren mende jarriko ez dituen eredu baterantz. Bere hitzetan, Foru Gobernuak "argi du beste eredu baterako urratsak eman behar ditugula".

   "Bide luzea dugu egiteko Gipuzkoan, lurraldeak kontsumitzen duen energiaren %6 bakarrik baitator energia berriztagarrietatik, eta gure mendekotasuna %96koa da. Oso urrun gaude sistema iraunkor eta burujabe bat izatetik. Horregatik, errepideetan ematen ari garen pausoak garrantzia du eredu horretarako bidean. Foru Aldundiak lan ildo hau indartzen jarraituko du eta beste ekimen batzuk aurkeztuko ditugu datozen asteetan", adierazi du.