Gipuzkoako Aldundiak Anton Abbadia sariaren irabazleak elkartu ditu Euskaraldiari babesa adierazteko

Talde argazkian izan diren herri agintariak eta Abbadia saridunak
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 14 noviembre 2018 14:54

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du Euskaraldiarekin eta talde argazkia atera du asteazken honetan 1996tik Anton Abbadia saria jaso duten norbanako, enpresa eta elkarteekin. Markel Olano diputatu nagusia eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria bertan zeudela, 17 saridunek eta beraiekin batera etorri direnek "lagundu egin dute Gipuzkoako Euskaraldiaren hamaikako bikoitza osatzen".

"Abbadia sariaren historian lehenengo aldia da, gainera, guztiak elkarrekin agertzen direna. Gehienak bertan, eta ez daudenak ordezkarien bidez, zoritxarrez", azpimarratu du Olanok.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak gogoratu du Foru Aldundia hasieratik izan dela Euskaraldiaren antolatzaileetako bat: "Erakundeak eta gizarte eragileak elkarlanean jartzeko gure eskemarekin bat egiten du ekimenak, Foru Aldundiaren gobernu molde berriarekin, alegia".

Olaren ustez, Euskaraldia bezalako ariketa linguistiko batek arrakasta izan dezan, beharrezkoa da euskara biziberritzeko norbanakoen, gizartearen eta herri administrazioen arteko ahaleginak "batera joatea" eta elkarrekin "indar egitea". "Eta horren adibide ugari dugu, gaur, hemen, Abbadia saria jaso duten guztiekin. Horiek guztiek izan duten euskaltzaletasuna saritu du Foru Aldundiak urtez urte eta eredu bikaina dira aurrera egiteko gure asmoekin", azpimarratu du.

Bestalde, Mendizabalek nabarmendu du gaurko ekimena "aukera egokia" dela "keinu bat" egiteko Gipuzkoako herri erakundeetan eta Foru Aldundian bertan "ulermena balioetsiz eta baliatuz euskaraz egiteko, ahobiziak eta belarriprestak medio". "Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa eta nahia da hemendik aurrera ere euskaraz egitea eta Euskaraldiak irautea, euskaraz egiteko ohitura indartzeko eta zabaltzeko gure baitan eta gure inguruan", esan du.

Amaitzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Olanok gipuzkoarrei dei egin die Euskaraldiarekin "gogotsu" bat egin dezaten, "etxean bezala kalean, lantokietan nahiz aisialdian, gurasoak elkarren artean eta seme-alabekin, gazteak gazteekin eta helduekin, euskaraz egiteko ohitura errotzeko".