Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara lehentasunez erabiliko du

Publicado 2015/01/08 13:07:08CET

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara normalizatzeko plana onartu du, herritarren hizkuntza aukeraren berdintasuna bermatzeko eta bi hizkuntza ofizialen arteko oreka berdintzeko asmoz. "Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunez erabiliko du euskara, herritarren hizkuntza aukeraren berdintasuna bermatzeko eta bi hizkuntza ofizialen arteko oreka berdintzeko", laburbildu du Martin Garitano diputatu nagusiak.

   Diputatuen Kontseiluak abenduaren 22ko bileran hartutako erabakiaren bidez onartu du plana. Testuaren arabera, euskara ofiziala da baina bere ezarpenean ofizialtasuna disimetrikoa da, gaztelaniaren mesedetan, eta bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna lortzeko zenbait zehaztu ditu Gipuzkoako Aldundiak bere jardunean aplikatzeko.

   Bost urtetan Aldundiaren hizkuntza politikaren oinarria izango da onartutako plana. Bere jarduera-esparru publiko guztiei eragingo die, bai eta barneko alderdiei ere (lanpostuen hizkuntza eskakizunak, atal euskarazko eta elebidunak eta abar). Edukiak Aldundian aplikatzen ari ziren.

   Horrenbestez, Gipuzkoako Aldundiak lehentasunez erabiliko du euskara. Horren bidez herritarren hizkuntza aukeraren berdintasuna bermatu nahi ditu, eta hizkuntza ahularen aldeko jokabide positiboko neurriak ematea du helburu. Era berean, ereduzko jokabideak izateko erantzukizuna hartu nahi du. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 7.2 artikuluan oinarrituta egin da plana.

   Halaber, euskaldunei euskararen erabilera erraztuko die. Bere zerbitzuak euskaraz erabiltzeko eragozpenak eta trabak kenduko dira eta urte amaierarako zerbitzu guztiak euskaraz emateko konpromisoa hartu du foru erakundeak.

   Prebentzioaren ikuspegia barneratu da, Aldundiaren lan esparru eta molde guztietan, euskararen egoera sozialari kalterik ez egiteko. Erakundearen politikak eta neurriak ezarri aurretik, jarduerak diseinatzen diren unean bertan, hizkuntzaren kudeaketaren aurreikuspena landuko da eta eragin linguistikoaren ebaluazioa egingo da.

   Gainera, four erakundearen ustez, euskararen ofizialtasunak herritarron hizkuntza eskubideak bermatu behar ditu, unibertsaltasun printzipioa oinarrituta, harreman parekideak lortzeko eta gizarte kohesioari laguntzeko. Herritarren hizkuntza hautua errespetatzen dela ziurtatu behar da, bereziki, administrazioarekin dituzten harremanetan.

   Euskararen ofizialtasuna garatzen du planak eta euskararen erabileraren aldeko lege arauak aplikatzen ditu. Planaren arabera, Aldundiak euskaraz lan egin behar du, normaltasunez, eta "koherentzia handiagoa" erakusten du gizartearen eta administrazioaren artean. Plangintzak epe zehatz batzuk ditu, eta etengabeko hobekuntza eta ebaluzio plana tresnak ezarri dira. Era berean, jarraipenerako protokoloak eta egitura betearazleak izendatuko dira.

BOSGARREN PLANA

   Euskararen erabilera normalizatzeko plan hau Gipuzkoako Aldundiaren bosgarrena da, eta aurreko planarekiko zenbait berrikuntza dakartza. Horrela, zerbitzu guztiak euskaraz eskainiko dira 2015etik aurrera, eta, lehentasunez, euskara izango da Aldundiaren lan hizkuntza.

   Hirugarren edo laugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten langileek euskaraz egingo dute nagusiki, ahoz zein idatziz, eta udalerri euskaldunekiko harremanetan, aintzat hartuko da haien egoera soziolinguistikoa.

   Komunikazio instituzionala, lehentasunez, euskaraz izango da, eta
kontratazio administratiboan Gipuzkoako udalekin adostu diren hizkuntza irizpideak barneratu dira. Eragin linguistikoaren ebaluazioa egingo da, eta ebaluazio soziala ere.

   Foru sozietate publikoek euskararen erabilera normalizatzeko plan bana eratuko dute (Bidegi, Izfe, Itten eta abar), eta Aldundiak ordezkaritza duen erakundeetan (DSS2016, Kursaal, BCC, Garraio Agintaritza eta abar) foru ordezkariek eskatuko dituzte ofizialtasuna bermatuko duen irizpideak.

   Gipuzkoako Aldundiaren Euskarako Zuzendaritzak prestatu du plana, normalizazio, itzulpen eta trebakuntza atalen lankidetzaz. Planaren lehen zirriborro bat aurkeztu zitzaion Funtzio Publikoko Zuzendaritzari, irizpen orokor bat eman zezan. Lehen zirriborroa Aldundiko sail guztietako idazkaritza teknikoetara bidali zen, iradokizunak egiteko.

   Araugintza Zuzendaritzari txostena eskatu zitzaion, eta bere ekarpenak kontuan hartuta egin da azken bertsioa. Aldundiko ordezkari sindikalei ere aurkeztu zaie, beren iritzia ezagutzeko, bai eta Euskararen Foroari ere. Kiroletako Zuzendaritza euskarazko atal izendatzeko proposamena egin dute, eta onartu da. Jaurlaritzaren txostena ere eskatu da.