Gizarte aurreikuspen osagarriari eta pentsioei buruzko gaurkotasunaren jarraipenerako behatokia abiatu du Jaurlaritzak

Publicado: miércoles, 6 julio 2022 16:36

BILBO, 6 Jul. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Behatokiaren egoitza elektronikoa jarri du martxan asteazken honetan, Ekonomia eta Ogasun Sailaren bitartez. Pentsioei eta gizarte aurreikuspen osagarriari buruzko gaurkotasunaren jarraipena egiteko tresna tekniko iraunkorra izango da, eta horrela, pentsioen eta gizarte aurreikuspen osagarriaren egoeraren eta bilakaeraren ikuspegi globala eta iraunkorra ziurtatu nahi da.

Finantza Politikako Zuzendaritzak sustatu duen behatokia gizarteari zuzentzen zaio oro har, interes handia baitu pentsioen etorkizunaren inguruan, eta, zehazkiago, EAEn gizarte aurreikuspen osagarriaren arloan lan egiten duten pertsonei, arduradun politiko eta teknikoei, kudeatzaileei, erakunde eta gizarte ordezkaritzako organoei, ikertzaileei, hezitzaileei eta gizarte aurreikuspenaren arloan diharduten gainerako eragileei.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, gaiaren inguruko ezagutza handitzeaz gain, baliagarria izango da gogoeta sustatzeko, eta eragileei aukera emango die ondorioak aurreratzeko eta jarduketa espazioan sartzen diren askotariko aldaketen aurrean erreakzionatzeko.

Europako Kontseiluak pentsio bideragarriak eta kalitatekoak bermatuko dituzten estrategia nazionalen arloan ezarritako helburuetako batean sartzen da proiektua: pentsioen erreformen eta politiken kontrol eraginkorrerako informazio eta metodologia oinarriak hobetzea. Xedea da euskal administrazioek eta sektoreko gainerako eragileek ezagutza egokia izatea, jarduteko estrategiak eta planak ezin hobe egin ditzaten.

Behatokia jada jasota zegoen Eusko Jaurlaritzak 2006ko urtarrilaren 10ean onartutako Euskadiko Gizarte Aurreikuspen Osagarriko Planean zehaztutako bost ardatz estrategikoetako hirugarrenean.

Horretarako, etengabe eguneratuko den egoitza elektroniko bat sortu da Finantza Politikako Zuzendaritzako Gizarte Aurreikuspeneko Zerbitzuan. Egoitza elektronikoaren bidez, munduan sortzen diren gai horri buruzko albiste garrantzitsuenen berri emango da. Tresna informatikoak Eusko Jaurlaritzak abian dituen beste behatoki batzuen antzeko formatua du (Euskadiko Behatoki Turistikoa edo Euskadiko Merkataritzaren Behatokia).

Bere lana hedatzen laguntze aldera, Gizarte Aurreikuspeneko Behatokiak hiru hilean behin buletin bat prestatu eta banatuko du. Asteazken honetasn estreinatu den lehen zenbakian, adibidez, arreta berezia eskaini zaio 2021ean Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen ondarea EAEko BPGren %38,1 izateari eta Europako pentsio sistemen eta Euskadiren posizioaren arteko konparazioari, betiere gizarte aurreikuspen osagarriaren eta, oro har, pentsioen inguruko bestelako informazio garrantzitsuaren artean.