Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, beste bati konortea galdu arte lepotik heldu eta diru zorroa eta telefonoa osteagatik

Actualizado: martes, 11 diciembre 2018 18:00

GASTEIZ, 11 Dic. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzako agenteek joan den abenduaren 6an goizaldean indarkeria erabiliz lapurreta bat egin zuen gizonezkoa atxilotu zuten astelehenean, Gasteizen. Biktimari lepotik heldu omen zion atxilotuak, konortea galdu zuen arte, eta diru zorroa eta sakelako telefono ostu zizkion, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Astelehen arratsaldeko 18:30 aldera, kalez jantzita zebiltzan ertzain batzuek bi gizonezko ikusi zituzten eztabaidan Gasteizko Kuadrilla kalean eta tartean sartu ziren. Gizonezkoetako bati bere izenean ez zegoen zordunketa txartel bat aurkitu zioten; sakelako bi telefono ere zeramatzan, eta ez zuen nondik nora zituen azaltzen jakin.

Gero egiaztatu ahal izan zutenez, abenduaren 6an salatu zuten indarkeria erabiliz kendu ziotela zordunketa txartel hori titularrari. Lapurreta goizaldean gertatu zen, Florida kalean. Ezezagun batek lepotik heldu zion biktimari, harik eta konortea galdu zuen arte, eta diru zorroa eta gama altuko sakelako telefonoa kendu zizkion. Atxilotuak 18 urte eta polizia aurrekariak ditu, eta astearte honetan eraman dute epailearen aurrera.