Gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen, 14 urteko neska bati ukituak egitea leporatuta

Publicado 2018/08/10 16:49:49CET

GASTEIZ, 10 Ago. (EUROPA PRESS) -


Gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen, 14 urteko neska bati gogoz kontra ukituak egiteagatik eta musukatzeagatik. 36 urte ditu atxilotuak, eta ustezko sexu erasoa ostegun iluntzean gertatu zen, Gasteizko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez. Horren arabera, 14 urteko neska eta bere lagun batek etxera lagundu zituzten bi ezagun (gizonezkoak biak), maleta bat eramateko asmoz.

Etxebizitzan sartutakoan, gizonezkoetako batek ukituak egin zizkion adingabeari, baita musu ematen saiatu ere. Neskak etxebizitzatik ateratzea lortu zuen lagunarekin batera, eta gurasoei gertakaria kontatu ondoren, Udaltzaingoari eman zioten horren berri. 36 urteko gizonezkoa epailearen aurrera eraman dute gaur (ostirala, hilak 10).

Atzokoarekin bost sexu eraso salatu dituzte emakumeek Gasteizen, iragan larunbatean (hilak 4) Andre Maria Zuriaren jaiak hasi zirenetik. Esate baterako, joan den asteazkenean neska adingabe batek salatu zuen mutil adingabe batek eraso egin zuela; atxilotua Zumarragako (Gipuzkoa) adingabeen zentro itxira bidali dute.