Goi mailako ibilbidea amaitu ondoren kirolariak lan munduan integratzearen garrantzia nabarmendu dute

Jardunaldiko parte hartzaileak
EUSKO JAURLARITZA
Publicado: lunes, 22 octubre 2018 16:47

DONOSTIA, 22 Oct. (EUROPA PRESS) -

Basque Team Fundazioak eta "Estrategia Empresarial" aldizkariak "Enpresetarako kirol-talentua eta balioak" jardunaldia antolatu dute astelehen honetan, Donostian, eta bertan, behin goi mailako ibilbidea bukatuta, kirolariak lan munduan integratzearen garrantzia azpimarratu dute.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak, Maialen Chourraut piraguistak, Xabier Etxaniz piraguismoko Espainiako selekzioko entrenatzaileak, Alejandro Barrenechea gimnast ohi eta Santander eta Popular banketxeetako Euskadiko merkataritza zuzendariak eta Juncal de Lucas Salto Systems enpresako giza baliabideen arduradunak parte hartu dute topaketan. Euskal enpresetako, politikako eta kirol munduko 80 bat pertsona bildu ditu jardunaldiak.

Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzailearen hitzaldiarekin hasi da ekitaldia. Kirol arloan bikaintasunezko emaitzak bultzatzeaz gain, behin euren kirol ibilbidea bukatuta, fundazioak kirolariei lan munduan sartzeko laguntza eskaintzen diela azpimarratu du. Ildo horretan, iaz Basque Team-ek euskal patronalekin akordioa sinatu zuen eta bide horretan lanean jarraitzen du kirolarien eta enpresen arteko gerturatzea sustatzeko.

Ondoren, "Estrategia Empresarial"-eko kontseilari delegatu Roberto Urkitzak gidatutako mahai ingurua izan da. Bertan, kirolarien formakuntzaren garrantzia eta enpresek kirolariek duten balio erantsia euren egituretan txertatzeko beharra azpimarratu dute.

Maialen Chourraut piraguistak aitortu du lan mundua ezezaguna dela kirolari gehienentzat, baina formakuntza gero eta handiagoa dela. Bere entrenatzaile Xabier Etxanizek eliteko kirolariek gehienetan duten umiltasuna eta ikasten jarraitzeko gaitasuna nabarmendu du.

ESPERIENTZIA ABERASGARRIAK

Halaber, Juncal de Lucasek adierazi du kirolariek egoera bereziei egin behar dietela aurre, eta euren formakuntzaz gain, enpresentzako "aberasgarriak" izan daitezkeen esperientziak eskaini ahal dituztela. Zentzu berean hitz egin du Alejandro Barrenecheak: "Kirolak lan mundura ekartzeko modukoak diren gauzak ematen ditu, tartean helburuen lorpena, porrotaren kudeaketa, esfortzua, lehiakortasuna, talde lana".

Bingen Zupiriak eta Marcos Murok itxi dute ekitaldia. "Basque Team-ek kirolariei sostengua eman behar die, ez soilik lehiaketa epean, baita goi maila alboratzen dutenean ere", adierazi du Zupiriak. Gainera, patronalen eta Basque Team-en arteko akordioa beharrezkotzat jo du Murok, bai enpresentzat, bai kirolarientzat, eta kooperazio horretan lanean jarraitu behar dela baieztatu du.

Jardunaldiaren bukaeran, Maialen Chourrautek sinatutako kamiseta batzuk eman dizkie Orona, Ternua Group eta Salto System enpresetako ordezkariei, oroigarri gisa. Horiek dira Basque Team-ek eta patronalek martxan jarritako kolaborazio akordioa sinatu duten enpresetako batzuk.