Gripeak hazten jarraitzen du EAEn eta 100.000 biztanleko 362 kasu daude

Gripearen aurkako txertoa jasotzen
Europa Press - Archivo
Actualizado: jueves, 17 enero 2019 12:39

   BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Euskadin gripeak gora egin du berriro azken astean eta jarduera tasa 100.000 biztanleko 362,4 kasukoa da. Denboraldiaren hasieratik, gripe egiaztatuagatiko 500 ospitaleratzeren berri eman da, eta haietako 165ek larritasun irizpideak izan dituzte.

   Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute zer garrantzitsua den baliabideak arduraz erabiltzea, gripearen berezko sintomak nabaritzean, eta kasu bakoitzean erabilgarri dauden osasun zerbitzuak balioestea.

   Zainketa Epidemiologikoaren-Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenean urtarrilaren 7tik 13ra bitarteko aldia aztertu da, eta gripearen sindromeagatiko asistentzia eskaria handitu dela jaso du. Azken astean, 6.716 kontsulta egon dira gripearen sindromeagatik Lehen Mailako Arreta Sarean. Momentuz, Bizkaia da asistentzia eskari gehien izan duen herrialdea.

   Gainera, gripearen denboraldia hasi zenetik, 19 heriotza erregistratu dira eta, guztira, 500 ospitaleratu. Kasu larrienetan, 165 kasutan, batez besteko adina 64 urte izan da, eta arrisku kasutzat hartzen zirenetatik %53,5ek ez zuen txertoa jarrita.

   Gripearen berezko sintomak nabaritzen dituztenen kasuan, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aholkua da osasun baliabideak arduraz erabiltzea eta, horrela, sintomatologiaren arabera, arazoari arreta eta konponbidea emateko osasun zerbitzu egokiena zein den baloratzea (familia medikua, etengabeko arreta guneak eta, konplikazio larrien kasuan, ospitaleetako larrialdiak). Horrela, berriz ere esan dute ez dela egon behar izango alferrik itxaroten arreta jasotzeko eta, aldi berean, ez dela osasun sistema bera kolapsatuko.

   Gauzak horrela, gogorarazi dute gripea gaixotasun desatsegina dela, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez duela tratamendu berezirik; beraz, atsedena hartzea, likido ugari hartzea eta sukarra arintzeko antitermikoak hartzea dira gomendio nagusiak. Sukarrak jarraitzen badu, medikuarekin kontsultatu beharko da.

   Era berean, nabarmendu dute eritasun birikoa dela eta antibiotikoak kasu horretan ez direla eraginkorrak (oso kasu jakinetan baino ez lirateke hartu beharko, eta betiere medikuak hala aginduta). Halaber, transmisio eta kutsadura maila altua denez, gomendatu dute zuhurtziazko neurri higienikoak hartzea, esaterako, eztul edo doministiku egitean ahoa edo sudurra besoarekin estaltzea edo eskuak sarri garbitzea edo behin erabiltzeko zapiak erabiltzea.