Guggenheim Bilbao Museoak "1920ko Hamarkada Zoriontsua" berpiztuko du bihar inauteri jai berezi batean

Actualizado 2011/03/03 15:37:42 CET
- GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA

BILBO, 3 Mar. (EUROPA PRESS) -

Guggenheim Bilbao Museoak inauteri jai berezia prestatu du lehen aldiz, eta bihar "1920ko Hamarkada Zoriontsua" gogoratuko du, Bilboko inauteri tradizioari jarraiki. "Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918-1936" erakusketa dela eta, museoaren atrioa dantzaleku dibertigarri bihurtuko da, eta bertaratzen direnek "ekitaldi paregabe batez gozatzeko aukera izango dute", museoko arduradunek adierazi dutenez.

Horrela, gaueko 22:30etatik aurrera, The Groovies taldeak kontzertua eskainiko du. Gainera, jaiak Peggy Guggenheim-ek, Josephine Baker-ek, Coco Chanel-ek, George Balanchine-k, Ernest Hemingway-k eta Pablo Picassok ezagutu zuten Paris berpiztu nahi du. Izan ere, "argien hiria" Lehen Mundu Gerraren ostean esnatu zen eta artista bohemioak

erakarri zituen Montmartre eta Montparnasse auzoetako kafetegietara.

Inauteri jaira doazenek bidaia baten eta beste sari interesgarrien zozketan parte hartu ahal izango dute. Gainera, museoko aretoak irekita egongo dira etortzen direnek inauguratu berri den "Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918-1936" erakusketak ikus dezaten. Era berean, ikusgai izango dira "Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performance" eta museoaren bildumako lanekin soilik osatutako lehenengo erakusketa: "Guggenheim Bilbao Museoaren aukeraketak".