Gure Zirkua Bizkaian izango da hilabetez datorren asteburutik

Actualizado 2019/06/18 13:11:59 CET
Gure Zirkua Bizkaian izango da hilabetez datorren asteburutik
GURE ZIRKUA

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Gure Zirkua lehen euskal zirku ibiltaria Bizkaian izango da hilabetez datorren asteburutik, Mungian eta Bakion eskainiko baititu hurrengo emanaldiak. Ekainaren 21etik 30era egongo da Mungian, eta, astebeteko atsedena hartu ostean, uztailaren 12tik 20ra Bakion. Gure Zirkuak Bizkaian aurten eskainiko dituen azken emanaldiak izango dira, eta sarrerak salgai daude jada Ticketea eta Eventbrite atarietan eta zirkuko txarteldegian.

Zirkuko arduradunek jakinarazi dutenez, 2018. urtean egindako lehen biran 25.000 ikusle baino gehiago erakarri ondoren, Gure Zirkuak bigarren birari ekin zion joan den maiatzaren 3an. Azken hilabete eta erdian Oiartzunen, Berrizen eta Gasteizen izan da, eta jada 9.000 pertsona inguruk ikusi dute aurtengo birako ikuskizun berria.

2019ko udako lehen hilabetea atzera Bizkaian egingo du euskal zirku ibiltariak. Hain zuzen, Mungian 11 emanaldi eskainiko ditu, Atxurizubi parkean, ekainaren 21ean, 22an, 23an, 28an, 29an eta 30ean, eta Bakion beste zortzi, herriko parkean (Goienkalen), uztailaren 12an, 13an, 14an, 18an, 19an eta 20an.