Gurutze Gorriak 920 jostailu berri banatu ditu Gabonetan Araban egoera zaurgarrian dauden 449 umeren artean

Actualizado 2016/01/18 16:18:45 CET
Boluntarioak jostailuak jasotzen
GURUTZE GORRIA

GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)

   Gurutze Gorriak 920 jostailu berri banatu ditu Gabonetan Araban egoera zaurgarrian dauden 449 umeren artean. "Jostailu ugari daude, laguntzeko modu bat" kanpainan jasotako jostailuak ahultasun egoeran dauden familietako haurrei eman zaizkie. Ekimenaren helburua 0 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeentzako jostailuak jasotzea zen, egoera ahulean dauden haurrei jolasteko eskubidea bermatzeko.

   Aurten jostailu berriak, ez sexistak eta ez belikoak jaso dituzten umeen kopurua %33 handitu da aurreko urtearekin alderatuta; 2014an 338 umek jaso zituzten jostailuak, eta edizio honetan 449 izan dira. Jasotako jostailu kopurua ere nabarmen handitu da, 920 izan baitira, 2014an jaso ziren 340ekin alderatuta, Gurutze Gorriak jakinarazi duenez.

   Boluntarioen lanari esker -jostailuak jaso eta jostailu horiek aukeratu eta adinen arabera banatu dituzte-, aurten Araban izan diren eskaerei erantzuna emateko aukera izan da. Kanpainan parte hartu duten Gurutze Gorriko batzarrak Gasteiz, Laudio eta Amurrio izan dira.

   Halaber, egitasmoa gauzatzeko ezinbestekoa izan da jostailuak biltzeko puntu gisa funtzionatzen duten, euren langileen artean bulegoetan jostailuak jasotzen dituzten edota jostailuak ematen dituzten erakunde askoren laguntza eta partaidetza. Erakunde laguntzaileak, Cadena SER, La Caixa, Banco Santander, Decathlon, E.Leclerc Evo Banco, Euromaster, Imaginarium eta The Disney Store izan dira.

   Arabako Gurutze Gorriak jostailu kanpainan lagundu duten pertsona eta erakunde guztien parte hartzea eta elkartasuna eskertu ditu, bai eta boluntarioek kanpainan egin duten lan handia ere.