Hamabost euskal ekoiztetxe izango dira Arroxelako Sunny Side of the Doc azokan

Basque Audiovisual gunea, azokaren aurreko edizio batean.
ETXEPARE INSTITUTUA - Archivo
Actualizado: lunes, 24 junio 2019 11:49

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Euskal ikus-entzunezko sektorea Arroxelako Sunny Side of the Doc dokumentalen nazioarteko azokan izango da aurten ere, astelehen honetatik ostegunera, Eiken ikus-entzunezkoen klusterrak, Zineuskadi elkarteak eta Etxepare Euskal Institutuak sortu eta bultzatutako Basque Audiovisual izenarekin. Guztira, 15 euskal ekoiztetxek parte hartuko dute aurtengo azokan.

Etxepare Euskal Institutuko iturriek jakinarazi dutenez, Sunny Side of the Doc topagune garrantzitsua da ikus-entzunezko profesionalentzat, eta 60 herrialdetako 2.000tik gora profesional batzen ditu urtero. Astelehenetik ostegunera izango da, Arroxelan (Akitania Berria), eta banatzaile, erosle, sortzaile eta ekoizleek hartuko dute parte dokumentalak ezagutzera eman eta kanpoko merkatuetara sartu, finantzaketa lortu, lankidetzarako bazkideak bilatu edota sektoreko joera berrienak ezagutzeko helburuarekin.

"Horregatik, azoka topaketa ezin hobea da euskal ekoizpen etxeentzat. Euren dokumental proiektuak ezagutzera emateko eta nazioarteko merkatu nagusietako profesionalengana eta balizko erosleengana iristeko aukera eskaintzen baitu", azaldu dute.

Zehazki, aurtengo Sunny Side of the Doc azokan izango diren 15 euskal ekoizpen etxeak honako hauek dira: Arena Comunicación, On Produkzioak, Gastibeltza Filmak, Media Attack, Sonora Estudios, Haruru Filmak-Kooperatiba, Komiki Films S.L., Pimpi & Nella Films, Emana Films, Fascina Producciones, Taui Media S.L., Maluta Films, Tentazioa Produkzioak, Sincro Producción eta Brisney S.L. Gainera, urtero Donostia Zinemaldian Ibaia Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak antolatzen duen Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren ordezkaritza ere bertaratuko da.

Basque Audiovisual standean aipatutako ekoiztetxeen ordezkariak eta Etxepare Euskal Institutuko, Eiken klusterreko eta Zineuskadi elkarteko ordezkariak arituko dira elkarlanean. Urtero bezala, aurten ere euskal dokumental proiektuak biltzen dituen katalogoa banatuko da standean: 48 lan guztira (16 garapen prozesuan, 13 ekoizpen prozesuan eta 19 bukatuta). Ikus-entzunezko sektoreari ikusgarritasuna eman eta marka indartzea du helburu egitasmoak, atzerriko merkatuetan produktuen berrikuntza eta kalitateari esker ezaguna izan dadin.