Harrapazank eta Ikusi eta Ikasi programetan izena emateko epea ireki dute Bilboko Udalak eta Topaguneak

Harrapazank 2019
BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 14 enero 2019 13:18

   BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Gaztetxoei zuzenduriko Harrapazank programan eta umeentzako Ikusi eta Ikasi egitasmoko lantegietan izena emateko epea ireki dute astelehen honetan Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak. 4 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteen artean kultura, sormena eta euskara sustatzea da programen helburua, eta www.harrapazank.eus eta www.ikusietaikasi.eus web orrietan eman daiteke izena.

   Antolatzaileek adierazi dutenez, Harrapazank programaren hamalaugarren aldia da aurtengoa, eta talentua eta sormena erakutsi nahi duten 8 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izen-ematea urtarrilaren 31ra arte egin daiteke, www.harrapazank.eus web orrian, fitxa betez eta gurasoen berariazko baimena erantsiz.

   "Harrapazank tailerrak", "Gamer gela" eta "Harrapazank eszena" atalek osatzen dute programa. Fantasiazko makillajea, irratigintza, hennarekin tatuaia, ikusizko zientzia, arropa norberarentzat moldatzea, grafitia, antzerkia, marrazkigintza, smartphonekin argazkiak ateratzen ikastea, makillajea, Dj, diseinua, Beatbox, popping dantza, zirkua, irristaketa artistikoa, kantua eta bideojokoen tailerra (Gamer gela) izango dira.

   Gainera, "Harrapazank eszena" atala sormena eta talentua ezagutzeko lehiaketa bat izango da, gazteentzat, antzerkirako, dantzarako, musikarako, bakarrizketetarako, txisteak kontatzeko eta beste hainbat gauzatarako trebetasuna erakutsi dezaten.

   Bestalde, Ikusi eta Ikasti 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat da, eta 31 ikuskizun eta 44 lantegi eskainiko ditu Bilboko 15 auzoetan, otsailetik maiatza arte. Sarrera librea izango da, aldez aurretik izena eman behar den lantegietan izan ezik, plazak mugatuak direlako: Contact Kids, Euskal Artistak, Txiki Erritmo, Panpinak jostea eta Zientzia. Izen-ematea urtarrilaren 27an amaituko da eta www.ikusietaikasi.eus web orrian egin daiteke.