'Haur eta Gazte Literatura Eskolan' ikastaroaren bigarren edizioan izena emateko epea ireki dute

'Haur Eta Gazte Literatura Eskolan' Ikastaroa.
IREKIA
Actualizado: martes, 24 noviembre 2020 15:40

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) elkarlanean antolatutako 'Haur eta gazte literatura eskolan' ikastaro osagarriaren bigarren edizioa 2021eko otsailaren 4an hasiko da, eta izen-ematea abenduaren 15era bitarte zabalik dago.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, irakurketaren inguruan gaurko gizartean eta, bereziki, hezkuntza esparruan dagoen kezka bati erantzuteko asmoz sortu da ikastaroa. Hain zuzen, irakurketa literarioak eskoletan duen lekua hobetzeko antolatu dute, eta irakurketan bitartekari diren irakasle edo irakaslegaien formakuntza literarioa aberasteko eskaintza izan nahi du.

Gaian interesa duen edozein pertsonarentzat irekitako ikastaroa da, baina batez ere, bi hartzaile motari zuzenduta dago: irakaskuntzan diharduten irakasleak eta hezkuntzaren munduko profesionalak, eta unibertsitateko ikasleak, bereziki hezkuntza ikasketak egiten ari diren etorkizuneko irakasleak eta hezkuntzarekin zerikusia duten beste titulazioetako ikasleak, baita giza zientzietako ikasleak ere.

'Haur eta gazte literatura eskolan' ikastaroak 75 orduko iraupena izango du, bost ikasgaitan banatuta. Saio presentzialak hiru ordukoak izango dira, eta ostegunetan emango dira, 17:00etatik 20:00etara. Saio presentzial bakoitza bi orduko irakaskuntza ez presentzialarekin osatuko da. Ikastaroak onartuta du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren homologazioa.

Izena emateko epea abenduaren 15era bitarte zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek aurkezpen gutun labur bat ere aurkeztu beharko dute. Ikastaroan onartuak diren ikasleei mezu elektronikoz jakinaraziko zaie, eta abenduaren 16tik datorren urteko urtarrilaren 8ra osatu beharko dute matrikula.