Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzua doakoa izango da 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat

Maite Larrañaga eta Cristina Uriarte
IREKIA
Actualizado: jueves, 18 octubre 2018 12:32

GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)

Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak bilera egin du ostegun honetan, Eusko Jaurlaritzako egoitza nagusian, Gasteizen, eta, hartu dituen erabakien artean daude zerbitzua doakoa izango dela 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat eta bere haur eskoletan matrikulaturiko bigarren neba-arrebek eta ondorengoek ere doan izango dutela zerbitzua.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua da batzordeko buru, eta Jaurlaritzako arduradunek, partzuergoko kide diren 178 udalen ordezkariek eta Maite Larrañaga Haurreskolak Partzuergoko kudeatzaileak osatzen dute.

Bilerako gai zerrendako alderdi nagusien artean, hileko kuotak kudeatzeko arautegiari dagokion akordio proposamena aztertu du Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak, alegia, partzuergoaren zerbitzua erabiltzen duten familiek egun ordaintzen dituzten kuotetan aldaketa egitea.

Horrela, zuzendaritza batzordeak aho batez onartu du aurkezturiko proposamena, eta honako aldaketak jaso ditu: Haurreskolak Partzuergoak ematen duen zerbitzua doakoa izatea urtean 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat, eta Haurreskolak Partzuergoan aldi berean matrikulatuta dauden bigarren neba-arrebentzat eta ondorengoentzat doakotasuna.

Neurri hauek egungo matrikulazioa aintzat hartuta aztertuz gero, ikusten da 500 familia baino gehiago izango liratekeela errenta mailagatik ezarriko den doakotasunaren onuradun, hau da, egun zerbitzua darabilten familien %11 inguru. Bestalde, 77 familiak dituzte une honetan bi seme-alaba matrikulaturik gutxienik partzuergoko haur eskoletan, eta familia hauek kuota bakarra ordaindu beharko lukete, beraz (familia errenta 18.000 eurotik gorakoa den kasuetan).

Era berean, izen-ematea egiteko unean ordaindu behar izaten zen aurretiazko kuota ere kendu egin da. Horrela, dagoeneko familiek ez dute 91 euro horiek aurreratu beharrik izango, izena ematerakoan.

Neurri hauek guztiak 2019ko urtarrilaren lehen egunean sartuko dira indarrean, eta une horretarik aurrera onuradun izango dira matrikulazio berriak eta dagoeneko Haurreskolak Partzuergoko haur eskolen erabiltzaile direnak.

ZERBITZUA

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak familia eta lan bizitza bateragarriago egiteko neurrien aldeko apustua nabarmendu dute. Halaber, Euskadin jaiotza tasa handitzea sustatzeko Jaurlaritzak bultzatu dituen beste ekimen batzuen osagarri dira neurri berriak.

Hezkuntza Sailaren iritziz, Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua lagungarri da, neurri handian, familia kontziliazio hobea lortzeko, eta horregatik eusten dio ahalik eta familia kopuru handienarengana iristeko borondateari.

Arrazoi horrekin, Haurreskolak Partzuergoak publizitate kanpaina bat bultzatu du aurki, aldiro errepikatuko den kanpaina, partzuergoarentzat garrantzitsua baita familiek ezagutzea eskaintzen duen kalitatezko zerbitzua. Gaur egun, 178 udalerri daude Haurreskolak Partzuergoan, eta udalerri horietan 236 haur eskolak ematen diete zerbitzua familiei.