Actualizado 24/11/2021 10:48 CET

Heriotzak %10,8 gutxitu dira EAEn bigarren hiruhilekoan 2020koen aldean

Archivo - Jendea paseatzen Gasteizen
IÑAKI BERASALUCE-EUROPA PRESS - Archivo

BILBO, 24 (EUROPA PESS)

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 5.415 pertsona hil dira 2021eko bigarren hiruhilekoan, hau da, aurreko urteko aldi berean baino %10,8 gutxiago. Jaitsieraren arrazoi nagusia da covid-19aren ondoriozko heriotza tasa handiagoa izan zela 2020an, eta apirila nabarmendu da, iaz baino %33,9 heriotza gutxiago izan baitira. 2010 eta 2019 artean bigarren hiruhilekoetan izandako heriotzen batez bestekoarekin alderatuz gero, aurtengo heriotza tasa %11,1 handiagoa da.

Sexuaren arabera, 2.734 gizon eta 2.681 emakume hil dira bigarren hiruhilekoan, eta horrela, %6,2ko beherakada izan da gizonen kasuan, eta %15,1ekoa emakumeenean, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera.

EAEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan da 2021eko bigarren hiruhilekoan, 1.892 pertsona gutxiagorekin. Hiru lurraldeetan galdu da biztanlerik: Bizkaian 1.146 pertsona, Gipuzkoan 602 eta Araban 144.

Lurraldeka, Bizkaian eta Araban jaitsi dira heriotzak, eta jaitsiera bereziki esanguratsua izan da Bizkaian (-%16,6), 2.883 pertsona hilda; Araban heriotza kopurua %10,5 jaitsi da, 721 hildakorekin. Gipuzkoan 1.811 hildako izan dira, 2020ko bigarren hiruhilekoan bezala.

Bestalde, 2021eko bigarren hiruhilekoan izandako heriotzen artean, zazpi urtebetetik beherakoenak izan dira (%0,1), eta 64 heriotza ehun urtetik gorakoenak (%1,1).

Heriotza kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio sistemako gaixotasunak izan dira, 1.569 eta 1.344 heriotza eragin baitzituzten, hurrenez hurren; beraz, bien artean heriotzen %53,8 izan dira. Hirugarren heriotza kausa nerbio sistemako gaixotasunak izan dira, 320rekin (%5,9). Covid-19a izan da laugarren kausa, 318 heriotza eraginda (%5,9).

Heriotzen kausak desberdinak izan dira sexuaren arabera: gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu dira zirkulazio aparatuko gaixotasunak baino, eta emakumezkoen artean, berriz, heriotza kausa nagusia zirkulazio aparatuko gaitzak izan dira, eta tumoreak bigarren.

COVID-19

Covid-19 gaitzak 318 heriotza eragin ditu 2021eko bigarren hiruhilekoan EAEn, iaz 1.241 izan ziren bitartean. Bi taldetan sailkatu dira heriotza horiek: 317 covid-19 egiaztatuaren ondorioz eta bat covid-19 probablearen ondorioz. Gainera, beste 31 heriotzatan covid-19a heriotza kausa ziurtatuen artean egon da, baina funtsezko kausa izan gabe.

Lurraldeka, heriotzarik gehien Bizkaian izan da (170), eta ondoren Gipuzkoan (111) eta Araban (37). Hiriburuei dagokienez, Bilbo nabarmendu da, covid-19ak eragindako 84 heriotzarekin; ondoren, Gasteiz dator, 29 heriotzarekin, eta azkenik, Donostia, 26 heriotzarekin. Aipatzeko moduko beste udalerri batzuk Bizkaiko Getxo eta Barakaldo dira, 11na hildakorekin.

Gizonen heriotzen kopurua (180) emakumeena (138) baino handiagoa izan da 2021eko bigarren hiruhilekoan. Adinen arabera, berriz, 70 eta 79 urte bitartekoen taldea izan da kaltetuena (107), eta ondoren, 80-89 urtekoena (93).

Azkenik, covid-19aren ondoriozko heriotzen %89 EAEko ospitaleetan gertatu dira (2020an 56,4), %1,9 egoitza soziosanitarioetan (iaz %39) eta %9,1 etxeetan (2020an %4,2).

Contador