Actualizado 09/06/2021 12:52 CET

Heziketa eta lana euskaraz garatzeak duen garrantzia nabarmenduko du LH Duala Euskaraz-en kanpaina berriak

LH Duala Euskaraz-en kanpaina berriaren aurkezpena.
GIPUZKOAKO ALDUNDIA

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

LH Duala Euskaraz egitasmoaren kanpaina berria aurkeztu dute asteazken honetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketa Sailburuordetzak eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Laneki elkarteak. 'Euskaraz, balioa erantsi lanari' lelopean, Lanbide Heziketan euskarak duen balioaren kontzientzia eta jarrera piztu nahi da. Helburu nagusia da heziketa eta lana euskaraz garatzeak duen balioa ikusaraztea eta Lantokiko Prestakuntza eta Duala (LP Duala) euskaraz lantzen duten lantokien komunitateko esperientziak aitortzea.

Egitasmoaren aurkezpena Gipuzkoako Foru Aldundian egin da, Donostian, eta bertan izan dira Nicolas Sagarzazu Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketako zuzendaria, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria eta Ainitze Blanco Lanekiko presidentea.

Ekimen berriak bere marka propioa du, LP-Duala euskaraz burutzeko hautuari nortasun propioa emate aldera, eta horretarako, EUS laburdurarekin euskara nabarmentzen duen eta zigilu itxura duen irudi berria aurkeztu da. Euskaraz lan egiteak produktu edo zerbitzu profesionalei balioa eransten diela nabarmendu nahi du egitasmoak, eta aldagai horrek lehiakorragoak eta lurraldearekin lotura handiagoa izaten laguntzen diela Gipuzkoako lantokiei.

Datuei begiratuta, azken urteetan Lanbide Heziketan euskaraz matrikulatutako ikasleen kopuruak gora egin du, eta horrela, 2020-2021eko ikasturtean Gipuzkoan matrikulatutako 16.364 ikasleetatik 7.948 euskaraz matrikulatu dira, hau da, ikasleen %48, iaz %41 izan ziren bitartean.

Hori dela eta, proiektu berriaren helburua da "ikasgeletako errealitate horrek lantokietan segida izatea", hezkuntzan egindako inbertsioak isla izan dezan Gipuzkoako lantokietan. Gainera, egitasmoaren nondik norakoak jasoko dituen webgune berria argitaratu da, www.lhdualaeuskaraz.eus atarian.

Gainera, azaldu dutenez, LH Duala Euskaraz egitasmoa ez da bere horretan geldituko, komunikazio aktiboaren aldeko apustua duen egitasmoa baita. Izan ere, komunikazio kanal propioak izango ditu, sare sozialak eta buletin digitala, besteak beste, eta informazio eskuliburu fisikoa ere eskuratu ahalko da.

Egitasmoa 2021ean zehar garatuko da, eta amaiera ekitaldi bat antolatuko da parte hartu duten lantoki, ikastetxe eta ikasleak egindako lana aitortzeko. Gainera, egitasmoarekin bat egiten duten pertsonak protagonista bilakatzea da helburua, eta horretarako testigantza ezberdinak jasotzen dituzten bideo pilulak ikusgai egongo dira.

Contador