Hezkuntza Sailak datorren astelehenean irekiko du aurrematrikula egiteko epea

Maite Alonso (ezkerrean) eta Cristina Uriarte
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: lunes, 21 enero 2019 13:07

   BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   Haur Hezkuntzarako (bi urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako (DBH) 2019-2020 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea datorren astelehenean irekiko du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, urtarrilaren 28an. Epea otsailaren 8ra arte egongo da zabalik, eta otsailaren 7ra arte sarean eginez gero.

   Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak astelehen honetan aurkeztu dute, Bilbon, 2019-2020 ikasturterako aurrematrikula kanpaina, "Zatoz gurera!" lelopean.

   Modu honetan, aurrematrikula prozesuari ekiteko prest daude dagoeneko Euskadiko 695 ikastetxe, haietako 452 publikoak (%65). Seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten gurasoek 540 ikastetxe izango dituzte bi urteko haurrentzat (330 publikoak, hots, %61), eta 543 Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat (334 publikoak, hau da, %61,5). Gainera, Lehen Hezkuntza 534 ikastetxetan eskainiko da datorren ikasturtean (330 publikoak), eta DBH eskainiko dutenak aldiz 330 izango dira orotara.

   Onarpen prozesuak aurten dituen berritasun nagusiei dagokienez, Uriartek azaldu du familiei tramiteak erraztea eta ikastetxea aukeratzeko prozedurak familien lehentasunei era egokiagoan erantzutea direla berritasunen helburuak.

   Zehazki, aurrerantzean, aurrematrikula egitean, familia bakoitzak 12 ikastetxe hautatu ahal izango ditu gehienez, lehentasunaren araberako hurrenkeran. Berritasun honekin, ikastetxea esleitzeko sistema ere aldatu da. Orain arte, ikasle bakoitzeko hiru ikastetxe hautatu zitezkeen gehienez, eta plazak lehen aukeratzat markatuta zeuden eskaeren artean banatzen ziren, lehentasunez. Zenbait kasutan, familiek bigarren edo hirugarren aukeretara jo behar zuten, ikastetxe horiek ordurako beteta aurkitzen zituzten lehen aukeran hautatu zituzten ikasleekin, nahiz eta azken hauek puntuazio gutxiago izan.

   Aurrerantzean, ikastetxe bakoitzak jasotzen dituen eskaera guztiekin zerrenda osoa egingo da, edozein izanik ere lehentasunen hurrenkera, eta baremo nagusi bakarra egingo da: ikastetxeek lehen aukeran jasotzen dituzten eskariak ez ezik, gainerako eskari guztiak ere barematu beharko dituzte. Honela, familiek jakin ahal izango dute puntu gutxiago duen beste familia bat ez dela inola ere norbera baino lehen sartuko aukeratu duen ikastetxe batera.

   "Aldaketa honekin, lehen postuan plaza gutxi (edo eskaera asko) dituen ikastetxe bat hautatu izanak ez ditu hipotekatuko hurrengo eskaeretarako aukerak. Sistemak familientzako ahalik eta aukerarik onena emango die familiei, hautatu dituzten ikastetxeetarako duten puntuazioaren arabera", azaldu du.

IZAPIDEAK ERRAZTU

   Halaber, beste berrikuntza batek izapideak egiteko lana arinduko dio familia askori. Hain zuzen, aurrerantzean ez da beharrezko izango sare publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHrako jauzia egiten duten ikasleek eskaera egitea. Hori horrela izango da familiek ibilbideko ikastetxe atxikia aukeratzen badute, hau da, euren Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoari atxikiriko institutu publikoa hautatzen badute eta hizkuntza eredu berean jarraitu nahi badute.

   Beste edozein ikastetxetan jarraitu nahi badu, aldiz, eskaera egin beharko du, bai eta atxikiriko institutu bat baino gehiago baditu Lehen Hezkuntza amaitu berri duen ikastetxe publiko horrek ere.

   Bestalde, lehen aldiz, familientzako informazio eta orientazio guneak irekiko dira Bilbon, Gasteizen eta Arrasaten: 13 Gasteizen (gizarte etxeetako bulegoetan eta San Martin eta San Antonioko bulegoetan), zortzi Bilbon (barrutietako udal bulegoetan) eta bat Arrasaten. Hezkuntza Sailak iaz lurralde ordezkaritzetan abian jarri zituen eskolatze bulegoekin koordinazioan arituko dira gune berriak. Euskal hezkuntza sistemak eskaintzen dituen aukeren inguruko informazioa hiritarrei emateaz arduratuko dira gune berriak, bai eta familiei matrikulazio garaiko izapideez orientazioa emateaz ere.

   Uriartek azpimarratu du neurri hau Hezkuntza Sailak osatu duen "Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea EAEko eskola-sisteman" txostenean jasoa zegoen neurrietako bat dela, eta eskolatze orekatuagoa lortzea duela helburu.

LEZO

   Aurkezpenean azaldu dutenez, kanpaina berriaren ezaugarri nagusienetako bat dela kartelean eta telebistarako iragarkian euskal eskola publikoko neska-mutilak direla protagonista. Zehazki, Lezo Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeko ikasle eta irakasleak dira protagonista.

   Uriartek eskerrak eman dizkio Gipuzkoako ikastetxeko hezkuntza komunitate guztiari, iragarkia egiteko eman dituen erraztasun guztiengatik, eta Heize Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioari kanpainaren diseinuan eta mezuetan izan duen inplikazioagatik.

   Datorren ikasturterako aurrematrikula egiterakoan, euren lehen aukerako ikastetxeetan bertan nahiz Internet bidez egiteko aukera izango dute familiek, www.hezkuntza.net helbidean. Sareko bidea aukeratzen dutenek ez dute beharrezko izango, beraz, eskatutako dokumentazioa hautatutako ikastetxera eramatea, eta pauso hori online egin beharko dute eta dokumentuak eskaneatuta bidali. Aurrematrikula online egiteko azken eguna otsailaren 7a izango da, egun bat lehenago.

   Era berean, Hezkuntza Sailak gogorarazi du Ikasgunea atariak (www.ikasgunea.euskadi.eus) informazio praktikoa eskainiko diela familiei, hala nola, ikastetxeen bilatzaile bat, hurbiltasunagatik horietako ikastetxe bakoitzean familiari hurbiltasunagatik dagozkion puntuak erakusten dituena.