Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren esperientzia pilotuak Hendaian, Arrigorriagan eta Uharten

Ekitaldian parte hartu duten ordezkariak.
KONTSEILUA
Actualizado: miércoles, 14 abril 2021 10:57

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren esperientzia pilotuak jarriko dira martxan Hendaian (Lapurdi), Arrigorriagan (Bizkaia) eta Uharten (Nafarroa). Ekimenak bi helburu nagusi ditu: proiektuaren baliagarritasuna aztertzea eta beste udal edo herriko etxe batzuetan aplikatzeko irizpideak ateratzea.

Proiektuak lantzeko hitzarmenaren sinadura ekitaldia asteazken honetan egin da, Hendaiako herriko etxean, eta Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapeza, Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Edorta Beltzunegi Uharteko alkateordea bildu dira, besteak beste.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa nazioarteko adituek eta Europako 30 hizkuntza komunitatetik gorako gizarte eragileek osatutako dokumentua da. 2016an aurkeztu zen Donostian. 2019ko azaroan Gasteizen eta 2020ko otsailean Baionan, protokoloa oinarri, tokiko administrazioei egokitutako dokumentu bana aurkeztu zen; dokumentu horietan herriko etxeek eta udalek hizkuntza politika egokiak lantzeko neurriak jaso ziren.

Hasieratik, proposamenak Euskal Herriaren errealitate administratiboari egokitu nahi izan zitzaizkion, eta hortik etorri ziren Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Garapena Herriko Etxeetan, Hego Euskal Herrirako eta Ipar Euskal Herrirako egokitzapenak, hurrenez hurren.

Bada, orain, Kontseiluak aurkeztutako bi proposamen horien baliagarritasuna egiaztatzeko asmoz, hiru herritan proiektu pilotuak jarri ditu martxan: Euskal Autonomia Erkidegoan (Arrigorriaga), Nafarroan (Uharte) eta Ipar Euskal Herrian (Hendaia).

Horrela, errealitate administratibo desberdinetan proiektuaren baliagarritasuna aztertzeaz gain, etorkizunari begira proiektua beste udal edo herriko etxeetan aplikatu ahal izateko irizpideak ateratzea da asmoa. Aldi berean, proiektu pilotua jorratuko den hiru herrietan hizkuntza politikak definitzeko tresna izango dute eskuragarri.

BI FASE

Proiektua bi fasetan igaroko da. Lehen fase batean udal eta herriko etxeetarako protokoloaren garapena oinarri harturik, diagnostiko bat osatuko da, eta herriko hautetsiek, teknikariek eta euskalgintzako eragileek parte hartuko dute.

Bigarren fasean, aipatu dokumentua oinarri hartuta, hizkuntza politikarako lerro nagusiak definituko dira. Bukatzeko, herriko etxe eta udaletako hautetsiek hizkuntza politika zehazteko eta aurrera eramateko bidea prest izango dute.

Paul Bilbaok gogotik eskertu die hiru udalei proiektuan parte hartzeko lehen unetik agertu duten prestutasuna, eta Uharteko alkateorde Edorta Beltzunegik azaldu du "zalantzarik gabe" jo zutela Kontseilura proiektu pilotuan parte hartzera.

Arrigorriagako alkate Maite Ibarrak ere adierazi du hasieratik argi izan zutela proiektuan parte hartzeko xedea, eta Kontseilua eskertu dio proiektuan parte hartzeko aukera ematea.

Azkenik, Kotte Ecenarrok gogoratu du Hendaiak "20 urte baino gehiago" joan direla Hendaiak hizkuntza politika garatzen hasi zuenetik, eta nabarmendu duenez, "Kontseiluaren herriko etxearen garapenaren bidez, gure hizkuntza politikarako hausnarketa aberastuko dugu".