Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Agurne Gaubeka izendatu du zuzendari, Garbiñe Petriatiren ordez

Actualizado 2019/09/25 14:42:32 CET
- KONTSEILUA

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Agurne Gaubeka izango da aurrerantzean Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria, Garbiñe Petriati ordezkatuz. Kontseiluak eskerrak eman dizkio Petriatiri azken hamarkadan egindako lanarengatik eta erakundeari eskainitako guztiagatik.

Ia hamar urtez aritu da Petriati Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sustatu eta bideraturiko Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren zuzendaritzan lanean, administrazioan eta arlo sozioekonomikoan hizkuntza eskubideak bermatzeko bidea eginez, Behatokitik adierazi dutenez.

Orain, 2019ko azken hiruhilekoan sartuta, Behatokiak "ziklo berri bati ekingo dio", baina sorreratik dituen funtzioei erantzunez, hain zuzen ere, hizkuntza eskubideen urraketak pairatzen dituzten herritarrei laguntzea eta Euskal Herriko hizkuntza eskubideen egoeraren berri ematea. Hala, zuzendari berriak alboan izango du Petriati bere egiteko berrietan.

Agurne Gaubekak (Bermeo, Bizkaia, 1984) Lan Zientzietan (Pompeu Fabra Unibertsitatea) eta Lan Harremanetan (Euskal Herriko Unibertsitatea) egin ditu ikasketak. Eskubideen esparruan aritu izan da orain arte, bereziki ikuspegi feministan egin du bidea, eta sindikalismoan Katalunian zein Euskal Herrian aritutakoa da. Aurrerantzean, Behatokiak lan ildo berriak jorratuko ditu, oinarrizko eskubideak urratzen dituzten beste kolektiboekiko aliantza berriak eraikiz.

Bukatzeko, Kontseiluak nabarmendu du Petriatik egindako ibilbide guztia, "herritarren eskubideen urraketen aurrean erantzuteko eta denontzat onuragarriak izango diren proposamenak garatzeko". Hori dela eta, gaineratu duenez, "Agurne Gaubekak zuzenduko duen hizkuntza eskubideen zaintza lan eta norabide berri honetan beharrezkoa izango dela bederatzi urtez zuzendaria izan den Garbiñe Petriatiren esperientzia eta inplikazioa".

Contador