Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketa egin da Eibarren

Actualizado 2013/07/04 18:34:09 CET
Iñaki Segurola eta Itziar Aduriz
Foto: UEU

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

   Hizkuntzalaritzak suposatzen duenari buruz hitz egiteko bildu dira hainbat pertsona Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketan, Eibarko Markeskoa Jauregian, Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) 41. Udako Ikastaroen baitan, eta "Egungo ikerlerroak" izenburupean.

   Itziar Aduriz eta Ruben Urizar antolatzaileek UEUren lana azpimarratu eta topaketaren helburu nagusiak azaldu dituzte, alegia, hizkuntzaren alorrean lan egiten duten euskal ikerlari eta profesionalak elkar ezagutzea, hizkuntzaren inguruko jarduera eremuak edo ikerlerroak ezagutzea eta euskal hizkuntzalarien arteko elkarlana sustatzea, hain zuzen ere.

   Ondoren, Iñaki Segurola euskal idazle, filologo eta hiztegigileak "Igarri, ikertu, jakin?" hitzaldia eskaini du. Saioa hasteko, hizkuntzalaritzan zer ikertu beharko litzatekeenari buruz berak ez dakiela esan du. "Horretarako zer jakin behar dugun jakin beharko genuke", gaineratu du.

   Bere hitzetan, ikerketei buruz erabakitzeko daudenak (boterea), "diruaren baitan bizi dira eta hori hizkuntzalaritzan eta alor guztietan gertatzen den gauza bat da". Ikerlariei zer ikertu behar duten ez litzaiekela esan beharko adierazi du Segurolak, "ikertzeko gogoak bultzatuta" mugitu beharko liratekeelako, bere ustez.

   Hitzaldiko izenburura bueltatuz, Segurolaren iritziz, hizkuntza oharkabeko jakintza moduan interpretatu izan da, hots, "inkontzienteki barneratzen duguna". Ikerketa-prozesuan ere ezagutza horiek beren lekua dutela aldarrikatu du, hau da, "igartzen den hori". Ikertzea hori da, ikertze logikoa baino errespetuzko lotura bat bezala hartu behar da, ikertuarekiko amodiozko elkarrizketa bat bezala", azaldu du.

DOKTORETZA TESIAK

   Jarraian, ikerketari buruz eta doktoretza tesiei buruz hitz egin du hizkuntzalariak. Tesiek "garai bateko soldaduskaren funtzioa" betetzen dutela esateaz gain (jendea nekaturik eta penaturik edukitzeko helburua duena), hauen bidez "ikerlari purua ezjakin bat izatera kondenatuta" dagoela esan du.

   Segurolarentzat, ikerketa eta jakintza ez datoz bat. Horrez gain, hitzaldiaren hasieran esan bezala, berak zer ikertu beharko litzatekeen ez dakiela errepikatu du, baina bai ikertu behar ez dena, adibidez, euskararen jatorria. "Ez dago sekula iristerik hizkuntza familia baten jatorri absolutu batera. Hizkuntza bat bestea baino zaharragoa dela esateak ez dauka logikarik, hizkuntzan beti baitago jarraipen, kontinuazio bat", ziurtatu du.

   Euskararen iraupena ere hartu du hizpide, eta, bere ustez, "300 urte barru penintsulako hizkuntza guztiak isildu egingo dira, gaztelania, portugesa eta euskara". "Ingelesa gailenduko da besteen gainetik eta agian katalana izango da erdi bizirik gelditu daitekeena", gaineratu du.

   Bukatzeko, "belarrimotz jakintsuei" kasu egitea ez dela komenigarria aipatu du: "euskara zerbait maiuskuloa bezala hartu eta jende arruntaren gainetik jartzen dute, baina azken finean, hizkuntza jende arruntaren asmakizuna da". Euskara batuak egin duen "bide okerra" ere azpimarratu du, hitz berriak asmatu, aldatu edota debekatzeko ohitura hori gaitzetsiz.