Actualizado 21/06/2022 18:27

Hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak aztergai Euskal Soziolinguistika Jardunaldian

Euskal Soziolinguistika Jardunaldia
SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak aztertzeko topalekua izango da aurten Euskal Soziolinguistika Jardunaldia. Topaketaren 14. edizioa asteazkenean izango da, ekainaren 22an, Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Bizkaia Aretoan, Soziolinguistika Klusterrak antolatuta, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldia urtero antolatzen da euskararen biziberritzean funtsezkoak diren gaien inguruan ikerlarien, profesionalen, ekintzaileen eta erakunde arduradunen arteko ezagutza trukea bultzatzeko.

Arduradunek zehaztu dutenez, '2021eko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa' ikerlanaren emaitzen azterketa partekatua egiteko topalekua izango da aurtengo edizioa. "Euskarak duen bizi indarraren argazki berritua ezagutu ostean ondorioak atera eta hurrengo urteetarako erronkak identifikatzeko saiakera izango da", gaineratu dute.

Jardunaldia 09:00etan hasiko da. Saioak baliatuko dira ikerketaren datuen interpretazio eta irakurketa erraztu dezaketen elementuak eskaintzeko, eta parte hartzaile guztien egitekoa izango da "entzundakotik eta ikusitakotik hausnarketa berriak egitea".

Hain zuzen, goiz eta arratsaldeko egitarauan, hitzaldiak, lantegiak eta mahai inguruak izango dira "ikuspegi eta bizipen desberdinen ekarpenetik elkar aberasteko eta elkar elikatzeko", eta, hizkuntzen erabileraren kale neurketaz arduratu diren ikerlariez gain, beste ikuspegietatik elementu interesgarriak ekar ditzaketen adituen parte hartzea izango du.

Contador