Hizkuntzen Eurogutuna betetzeko euskal erakundeek duten konpromisoa nabarmendu du Dobaranek

Bilkuran izan diren ordezkariak
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: martes, 11 diciembre 2018 17:08

Estatuko Administrazioaren konpromisoa eskatu du, Europaren azken txosteneko gomendio ia guztiak hari zuzenduta baitaude

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Eskualdetako edo Gutxitutako Hizkuntzen Europako Gutunaren (Hizkuntzen Eurogutuna) jarraipenerako Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak Nafarroako Jauregian astearte honetan egin duen bilkuran izan da Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, eta gutunean jasotako konpromiso guztiak betetzeko euskal erakundeek egiten duten lana nabarmendu du. Horrez gain, Estatuko Administrazioaren konpromisoa eskatu du, Europako Batzordearen azken txostenean jasotako gomendio ia guztiak administrazio horri zuzenduta baitaude.

Dobaranekin batera, Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, Jokin Azkue HABEko zuzendaria, Lan eta Justizia Saileko kideak eta Osakidetzako ordezkariak ere izan dira bileran. Horrez gain, Adituen Batzordearen izenean, Fernando Rammalo (Espainia), Dieter Halwachs (Austria), René De Groot (Herbehereak) eta Csaba Pákozdi (Eurogutunaren idazkaria) izan dira. Halaber, Nafarroako Gobernutik, Euskarabideko ordezkariez gain, Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria izan da bileraren hasieran.

Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak 2016ko txostenean adierazi zuenez, Eurogutunaren betetze maila Espainiako Estatuan altua da autonomia erkidegoen lanari esker, "gehienetan talka egiten duena Estatuaren utzikeriarekin". Horrela, txostenean jasotako sei gomendio nagusietatik bostetan Jaurlaritzak ez dauka eragiteko aukerarik, Estatuko Administrazioaren eskumenen menpe baitaude.

Gomendioetako bati dagokionez, ordea, Jaurlaritzak eragiteko aukerarik badu, "justizia, polizia eta osasun zerbitzuen inguruko" oharrak aipatzen baitira. Horren aurrean, Dobaranek azken bi urteotan egindako ahaleginak azaldu ditu jarraipen bileran.

ERTZAINTZA

Horrela, Adituen Batzordearen azken txostenean ageri zen gaietako bat euskararen ezagutza Ertzaintzan izanik, Dobaranek azaldu du 8.000 lanpostutatik 3.513tan, hau da, %43an, derrigorrez eskatzen dela B2 edo C1 maila egiaztatzea (gehienetan B2 maila). Adierazi duenez, ertzain guztien %46,6k egiaztatu du bi hizkuntza eskakizunetako bat.

Bestalde, sailburuordeak esan du "garrantzitsua" dela Segurtasun Sailak 2015ean martxan jarri zuen Euskararen Erabilera Sustatzeko Plana: "Plan horrek aukera emango du euskarak aurrera egin dezan herritarrentzako zerbitzu hizkuntza gisa eta polizia etxeetako lan hizkuntza gisa".

Azkenik, Dobaranek adierazi du promozio berrietara aurkezten diren hautagai gehienak euskaraz hitz egiteko gai direla eta horrek aldaketa bat ekarriko duela. Egoera horren aurrean, Ertzaintzaren Akademiak proiektu bat abiatu du, pixkanaka euskara komunikazio hizkuntza izan dadin, Ertzainak Prestatzeko Oinarrizko Ikastaroan (orain arte prestakuntza guztia gaztelaniaz eman izan da).

OSAKIDETZA

Bestalde, Xabier Balerdi Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariordeak azaldu duenez, 2013-2019 aldirako Osakidetzaren II. Euskara Plana indarrean dago. Betetze mailaren inguruko ebaluazio jarraituaren arabera, plan horretan ezarrita zeuden helburuen %76 beteta zeuden 2016an, aurreko urtean baino %6,81 gehiago.

Halaber, adierazi duenez, Osakidetzako lanpostu guztien %37an egiaztatu behar da hizkuntza eskakizunen bat derrigorrez (gehienetan B2). Kasu batzuetan langileek oraindik ez dute hizkuntza eskakizuna egiaztatu eta, horrelakoetan, lehentasuna daukate euskalduntze prozesuetan parte hartzeko. Urtero 2.500 langile inguruk parte hartzen dute euskara ikasteko prozesuetan.

Azkenik, Balerdik azaldu duenez, Osakidetzako langileen %34k egiaztatuta dauka dagokien hizkuntza eskakizuna; 2006an portzentaje hori %11 zen.

ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

Bestalde, Dobaranek esan du Adituen Batzordeak egin ohi dituen gomendio gehienak Estatuko Administrazioari zuzenduta daudela, "gure erkidegoan ematen dituen zerbitzuei eta justizia administrazioari lotuta".

"Joan den astelehenean, abenduaren 3an, Estatuko Hizkuntzen Kontseilua Bilbon bildu zen eta bertan parte hartzeko aukera izan nuen. Ministroari berari esan genion bezala, administrazioaren betebeharra da herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea. Gainera, hizkuntza hautua errespetatzeak zerbitzuaren kalitatea hobetzea dakar", adierazi du.

Amaitzeko, Dobaranek euskararen erabileran "jauzi kualitatiboa" emateko Eusko Jaurlaritzaren zenbait lan ildo azaldu ditu: Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatutako Hiruko Itunari lotutako ekimenak; Eremu Sozioekonomikorako Plan Estrategikoa; Euskaraldia, 11 Egun Euskaraz ekimena; eta euskarazko hedabideen finantziaziorako proposamena.