Hiztegi Etimologikoa eta Gramatika, Euskaltzaindiko mendeurreneko hurrengo jardunaldi akademikoak

EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 26 junio 2019 11:02

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

"Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa. Aurkezpen jardunaldia" eta "Gramatikari buruzko jardunaldia: Gramatikak XXI. mendean" izango dira Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan antolatuko dituen hurrengo jardunaldi akademikoak. Lehena uztailaren 4an izango da, Bilboko egoitzan, eta bigarrena uztailaren 11n, Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean.

Hiztegi Etimologikoari buruzko jardunaldiaren helburu nagusia da Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoa egitasmoaren eta, bereziki, "Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoa-200" argitaratu berriaren aurkezpen orokor bat egitea.

Horrekin batera, inguruko eta urrutiagoko hizkuntza eta hizkuntza familietan diren zenbait aurrekari eta arestiagoko edo abian diren paralelo eta aitzinamendu eta hein batean eredutzat har daitezkeen zenbait kasu aurkeztu nahi ditu Euskaltzaindiak, egitasmo eta alor horietako goi mailako espezialista zenbaiten eskutik.

Izena emateko epea uztailaren 2an amaituko da. 944 158 155, 943 428 050, 948 223 471 edo 05 59 256426 telefono zenbakietako batera deituta edo info@euskaltzaindia.eus helbidera mezua bidalita egin daiteke izen-ematea.

Bestalde, gramatikari buruzko biltzarraren helburu nagusia izango da XXI. mendeko inguruko gramatikek dituzten ezaugarri nagusiak nabarmentzea, bai eta Akademiako Gramatika Batzordeak ondu duen Euskararen Gramatikaren testua aurkeztea eta egungo gramatiken pareko egiten duten ezaugarriak azpimarratzea.

Halaber, gainerako akademiek mende honetan argitaratu dituzten edo argitaratzear dituzten gramatiken eta horien ezaugarrien berri izateko baliatuko da topaketa, argiago ikusteko Gramatika Batzordeak landutako proposamenaren testuingurua zein den.

Azkenik, mota honetako gramatika batek zer dakarkien euskalgintzako sektoreei aztertuko da: unibertsitateetan nahiz DBHko edo Batxilergoko irakaskuntzan, administrazioan, itzulpengintzan edo euskara zerbitzuetan euskaraz lanean ari direnei. Izena emateko epea uztailaren 8an amaituko da, eta 944 158 155, 943 428 050, 948 223 471 edota 05 59 256 426 telefono zenbakietako batera deituta eta info@euskaltzaindia.eus helbidera mezua bidalita egin daiteke.