Actualizado 15/12/2020 13:34 CET

Humanitate Digitalak Euskal Herrian I. jardunaldia egingo dute ostiralean, sarean

Humanitate Digitalak Euskal Herrian I. Jardunaldia.
UEU

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Errenteriako Udalak (Gipuzkoa) Humanitate Digitalak Euskal Herrian I. jardunaldia antolatuko dute ostiralean, abenduaren 18an, 'Tresnak sortzen ditugu, tresnek sortzen gaituzte' izenburupean, gaia mahai gainean jarri eta erantzunak bilatzeko asmoz. Urteetan luzatuko den elkarrizketa jarraitu eta askotariko baten lehen pausua izan nahi du saioak. Sarean izango da, eta Moodle plataformatik eskainiko da.

UEUk jakinarazi duenez, 2019ko ekainean 'Humanitate digitalak: aukerak, erakundeen rol berriak eta elkarlana' jardunaldia antolatu zuen Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Ordutik urtebete igaro da, mundu mailako pandemia batean gaude, eta UEUk Humanitate Digitalen Ikerketa Gunea (HDGunea) proiektua martxan jarri du Torrekuako eraikin historikoan, Errenteriako Udalarekin batera.

Xabier Landabidea jardunaldien koordinatzailearen hitzetan, teknologia digitalak eta datuen tratamenduak "paradigma aldaketa handia" ekarri du diziplina gehienetara: "Natur zientziak, giza zientziak eta gizarte zientziak eraldatzen ari dira eta diziplinartekotasuna ia baldintza bilakatu da fenomeno gero eta konplexuagoak ulertzen saiatzeko. Adibide argiena dugu guztioi eragin digun covid-19aren krisialdi sistemikoa".

Pandemia dela eta, jardunaldi osoa sarean izango da. Saio sinkronoak eta asinkronoak izango ditu, eta amaitutakoan materiala Moodle plataformara igoko da biltegi areagotuaren ideia garatzeko asmoz, hau da, jardunaldiaren ondoren hitzaldiak interpretatzeko eta elkarrizketak sortzeko plataforma teknologiko bat sortuko da Moodlen.

Edukiei dagokionez, hiru gai landuko ditu jardunaldial: sorkuntza, artea eta teknologia; ikerketa, ezagutza, zabalkundea; eta mahai ingurua: artxiboa, banaketa, kontsumoa.